Miguel Angel & Iñigo AIKORren #larrabetzu #EHBILDU #PNV

Kaixo.

Aikor.

Hemen elkarrizketa osoak:

MIGUEL Angel:

Zergatik aurkeztu duzu zure burua alkate izateko?
Alde batetik, gaur egun, herriko giroa apurka-apurka hobetzen joan arren, pau­so gehiago eman behar direla uste dudalako eta beraz, herriaren politizazio maila arintzen eta herritarrak batzen eta kohesionatzen lagundu nahi dudalako. Beste­tik, herritarrei bizitza erosoagoa egiteko eta egunero sortzen zaizkien arazoak kon­pontzeko borondatea daukadalako. Az­kenik, Larrabetzuko udal gobernua es­kuratzeko alternatibaren lidergoa hartzeko prest nagoelako.

Zeintzuk dira zure alderdiak datozen lau urteei begira aurrera eroango dituen ildo nagusiak?
Herritarrek dituzten beharrizan berberak. Hainbat elkarte, talde eta pertsonarekin elkartu gara, eta herritar guztiei in­kesta bat betetzeko aukera eman diegu. Oso pozik gaude jasotako ekarpenekin eta horietako asko gure hauteskunde programan tartekatu ditugu. Entzun eta jaramon egin diegu.

Eta zeintzuk dira zure herriak di­tuen beharrizanak?
Asko dira. Langabetuei irtenbide bat bilatzen laguntzea; herritarren eta alderdi politikoen arteko elkarbizitza sustatzea; aparkaleku kopurua handitzea; eskola in­guruan ez aparkatzea eta oinezkoentzako lehentasunezko gunea bihurtzea; he­rriko oinarrizko mantenua sarriago eta iraunkortasunez egitea (espaloiak konpondu, argiteria, belarra moztu…); hormetako eta espaloietako garbi-ikuzia; ospitalera joateko ga­rraio zuzena sustatzea; zerbitzuak hobetzea; irisgarritasuna…

Zelako lantaldea izango da zurea?
Adin eta formazio desberdineko he­rritarrez osotuta dago; bai betidanik La­rra­betzun bizi izan direnak, bai etorri be­rriak. Taldean, esperientzia eta heldutasuna berritzeari eta gaztetasunari daude lotuta.

Zer esan ahal diguzu talde hori osa­tuko duten kideei buruz?
Larrabetzu barru-barruan eramaten dutela eta bere herritarren alde lan egiteko prest eta prestatuta daudela. Indar­tsu eta ilusioz beterik daude, egoerari buelta emateko eta herria eraldatzeko, guztion artean Larrabetzu jasangarriagoa, mo­der­noa­goa eta solidarioagoa bihurtzeko.

Zer esango zenieke herritarrei euren konfiantza izateko?
Guk herritarren beharrak entzungo ditugula eta euren iradokizunak eguneroko jardunean eta programan erantsiko ditugula; aniztasuna eta tolerantzia gure iparrorratza izango direla. Aldaketa eta ho­bekuntza posible dela eta euren esku dagoela.

Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo eta behin eskerrak eman herritarrei eta nire lantaldeari, eta ja­rraian, lanean hasi.
Hurbiletik
Miguel Ángel Gazteluk 53 urte ditu. Larrabetzun jaio eta Magisteri­tzan diplomatu ondoren Historian litzentziatu zen Deustuko Unibertsi­tatean. Irakasle eta zuzendaria zelarik, Irakaskuntza Ikastetxeen zuzendaritzan masterra egin zuen. Azken­engo urtera arte ez du politikarekin harremanik izan. Ikastolan, urteetan zehar, kudeaketaren ardura izan zuen, berak dioen moduan, bere beste “herrian”, eta esperientzia horrek bere ibilbide berrian lagunduko duelakoan dago. Aisialdian, paseatu, familia eta lagun artean egon, sukaldatu eta, batez ere, soloan jardutea atsegin du.

 

IÑIGO:

Zeintzuk dira Larrabetzuko EH Bilduk datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak?
Azken lau urteotan ezker abertzalea ibili da alkatetzan, eta proiektu asko jarri dira martxan. Datorren agintaldian hiru ardatz nagusi izango ditugu. Alde batetik, mugikortasun-plana garatu behar dugu: Errekondo kalea aurten urbanizatuko da, eta autoak eskolaren aurreko kaletik atera behar ditugu. Beste alde batetik, herriko plan orokorra garatu behar dugu. Gaz­teek arazoak dituzte berton etxebizitzak erosteko eta arazo horri konponbidea eman behar diogu. Jakin badakigu esparru horretan Udaletik ahalmen handirik ez dugula, baina, esate baterako, alokatzea bultzatu nahi dugu. Azkenik, hondakinak batzea izango da gure azken ardatza. Larrabetzun aspalditik atez ate ba­tzen ditugu hondakin organikoak, eta hu­rrengo lau urteetarako hondakinen % 50 birziklatzea dugu helburu. Horietaz aparte, gure ustez, herriaren eta Udalaren ar­teko komunikazioa indartu behar dugu. Horretarako, teknologia eta gizarte-sareak tresna baliogarriak izan daitezke.

EH Bilduk 12 puntuk osatutako programa aurkeztu du Larrabetzun, eta bertan 40 proposamen zehatz egin dituzue. Adibideren bat emango diguzu?
Adibidez, emakumeen plana egin da agintaldi honetan eta hori garatu nahi dugu, baita euskara plana ere. Gainera, osasun ikuspuntutik, zeregina ere badago, osasun-zentro berria agintaldi honetan ireki eta gero. “Larrabetzu herri bizi bat da” dugu lelotzat, baina leloa baino askoz gehiago da. Gure ustez, Larrabe­tzun mugimendu handia dago, jendea inplikatzen da, elkarteek hainbat ekimen egiten dituzte… Eta Udalak eurekin egin behar du lan, bizitasunari eusteko. Elkar­lana oso garrantzitsua da guretzat.

Zer esan ahal diguzu zerrendari bu­ruz?
Zerrenda egiteko, 51 izen proposatu ziren herri batzar zabal batean. Zerren­dan, zinegotziak izan diren lagun bi daude, beraz, ez da esan beharrik eskarmentu handia badugula. Baina batez ere, nabarmenduko nuke gogo ikaragarria dugula herriaren alde lan egiteko. Era be­rean, zerrendaren lehenengo zazpi hautagaietako bost emakumezkoak dira, eta zerrendaren % 65 ere, emakumezkoak.

Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Batzarra antolatuko dut ateratzen garen 11 zinegotziokin, eta bertan lehentasunak ezarri, ahalik eta lasterren lanean hasteko. Guk uste dugu denok batera lan egin behar dugula, bai gobernuko zinegotziek, bai oposizioko zinegotziek. Udal langileekin ere batzartu nahiko nuke, gure lehentasunak haiei jakinarazteko. Azken batean, guztiok gara Udaleko langileak eta herriaren zerbitzura egon behar gara.

Hurbiletik
Larrabetzun jaio zen 1968an. Eroski kooperatibaren bazkidea da 1989. urtetik, baina 2004an eszedentzia hartu eta zazpi urte eman zuen Gara egunkarian, kudeatzaile-lanak egiten. Gaur egun denda-burua da Gernikako Eroski supermerkatuan. Politikari dagokionez, Iñigok ez du eskarmentu ofizialik, baina betidanik ezker abertzalearen elkarteetan ibili da. Gainera, laguntzaile ibili da Larrabetzuko Udaleko ezker abertzaleko taldean. Hauteskunde hauetarako alkategaia izatea proposatu zioten eta berak onartu egin zuen. “Herrian era askotan lan egiteko aukera dago, hala nola, elkarteetan. Udalean ere bai. Konpromisoan sinesten dut eta noizbait aurrerapausoa eman behar da, eta niri orain suertatu zait”.

Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude