Auzitegi Nazionaleko medikuak, salaturik. Larrabetzuko ANABELen kasua #larrabetzu

Kaixo.

Munduko Mediku Elkarteari igorritako salaketan, sei kasuren berri ematen dute Argentinako medikuek: Ainara Bakedano, Anabel Prieto (LARRABETZU), Beatriz Etxebarria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta Unai Romanorenak, hain zuzen

BERRIAn irakurrita:

Gaixoen bizia eta osasuna zaintzea da medikuen eginkizuna. Agindu hori beteko dutela egiten dute zin mediku izendatzen dituztenean. Inori torturak edo tratu txar eta umiliagarriak pairaraztea beti da gaitzesgarria, baina are gehiago hori egiten duena edo horretaz jabetuta ere isilik gelditzen dena medikua baldin bada. Hori da, behintzat, Munduko Mediku Elkartearen irizpidea, tortura kasuetan auzitegi medikuek izan dezaketen parte hartzeari dagokionez.

Irizpide hori aintzat hartuta, salaketa jarri du Argentinako mediku talde batek Munduko Mediku Elkartearen aurrean, azter dezan Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuek tortura aztarnen inguruan duten jokabidea. Joan den maiatzaren 18an jarri zuten salaketa. Ez dakite elkarteak noiz erantzungo dion eskaerari; Munduko Mediku Elkarteak urrian egingo du batzar nagusia, Moskun, eta horren gai zerrendan ez dago Espainiako auzitegi medikuen afera, salaketa iritsi aurretik antolatu zutelako, baina, horretaz gain, elkarteak hilero egiten du bilera arrunta; beraz, oso litekeena da datozen hilabeteetan bilera horietako batean gaia aztertzea. Mundu osoko mediku elkarteak biltzen ditu antolakunde horrek; Espainiakoa ere kide da.

Argentinako bederatzi medikuk jarri dute salaketa, eta herrialde horretan osasun arloan lan egiten duten hainbat erizain, psikiatra, psikologo eta bestelako profesionalen sostengua ere izan dute; medikuen antolakundea izanik, mediku eta bazkide direnen salaketak baino ez ditu onartzen Munduko Mediku Elkarteak. Salaketa bultzatu dutenetako bi, Susana Etchegoyen medikua eta Mirta Fabre psikologoa, Euskal Herrian daude egunotan, eta hedabideen aurrean agertu dira salaketaren xehetasunen berri emateko.

Munduko Mediku Elkarteari igorritako salaketan, sei kasuren berri ematen dute Argentinako medikuek: Ainara Bakedano, Anabel Prieto, Beatriz Etxebarria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta Unai Romanorenak, hain zuzen. Auzi horietan guztietan, tortura salaketez gain, auzitegi medikuen txostena ere badago. Zenbait kasutan, auzitegi medikuek atxilotuen lesioak ere jaso eta deskribatu zituzten, baina uko egin zioten torturak salatzeari.

Salaketaren sustatzaileek gogorarazi dute zein den Munduko Mediku Elkartearen irizpidea kasu horietan: auzitegi medikuak «eragile pribilegiatutzat» jotzen ditu, atxilotuekin harreman zuzena izateko aukera dutelako, eta, mediku horiek tortura zantzuen berri izan eta hori salatzen ez badute, «torturaren konplize» gisa hartzen ditu.

Bestalde, gogorarazi dute duela hamar bat egun salaketa publiko bat egin duela Munduko Mediku Elkarteak, Iraken tortura kasuetan parte hartu duten edo horien aurrean isilik gelditu diren medikuen jokabidea gaitzesteko. Mediku argentinarrek espero dute Munduko Mediku Elkarteak ez dituela bi irizpide desberdin erabiliko antzeko kasuak epaitzean eta, hortaz, berdin gaitzetsiko duela Espainiako auzitegi medikuen jokabidea.

Olivier Peter abokatu suitzarrak lagundu die mediku argentinarrei salaketa jartzen, eta gogorarazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zazpi aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: «Estrasburgoko Auzitegiak zigortutako kasuetan, Auzitegi Nazionaleko hainbat epaile eta auzitegi mediku agertzen dira salaketa honetan ere agertzen direnak», esan du. Haren ustez, mediku atzerritarren salaketen zain egon gabe, Espainiako Gobernuak hartu beharko lieke kargu behin eta berriro agerian agertzen ari diren fiskal, epaile eta auzitegi medikuei, «benetan torturaren auzia konpontzeko interesa izango balu».

Jaiki Hadi eta preso eriak

Munduko Mediku Elkarteari igorritako txostenean, Jaiki Hadi elkarteko kideen kontrako polizia operazioaren auzia ere gehitu dute Argentinako medikuek. «Horretan ere oso argiak dira elkartearen irizpideak», esan dute, «eta pentsatzen dugu oso larria dela presoen arta medikoaren ardura duten profesionalei jazartzea, horien lana babestu beharrean».

Oraingo honetan, mediku argentinarrek ez dute gaixotasun larriak dituzten presoen gaia sartu euren salaketan, baina ez dute baztertzen etorkizunean hori egitea, eta aukera baliatu dute euren kezka agertzeko, batez ere Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre eta Ibon Fernandez Iradiren egoera dela eta.

Mediku argentinarrek gogorarazi dute Espainiako legerian jasoa dagoela gaixotasun larriak dituzten presoek zigorra etxean betetzeko aukera, eta «izuturik» agertu dira lau preso horien egoera dela eta, «haien biziak arriskuan daudelako; kasu guztietan, ezinezkoa da behar duten tratamendua kartzelan jasotzea».

Medikuen ustez, Espainiako Estatuak badu eskubidea preso horiek kartzelan atxiki nahi izateko, «baina ezin dizkie gainerako eskubideak urratu», eta gaztigua bidali dute: preso horietako bat espetxean hilko balitz, erantzukizuna «Espainiako Estatuarena eta askatasuna gomendatzeko gauza izan ez diren medikuena» izango litzateke.

 

Elkarbanatu:

Add a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude