Akabuko martxea

Zegamatik Uribe Kostara azkenengoz etorriko da artaldea. Mendeetan zehar egindako trashumantzia errepikatuko dute, eta tartean Larrabetzutik be pasatuko dira, sasoi batean bezala.

Larrabetzuko eskolako guraso elkarteak irteera antolatu du, eta aste osoan zehar ikasgeletan artzaien bizitza eta ohiturak lantzen ari dira.
Larrabetzukoeskola.org
þÿ
Fredi Paia bertsolariak, proiektu honen atzetik dabilenetako bat, GARA egunkarian artikulua idatzi du ibilbidea eta egin behar duten dokumentala azaltzen.

Akabuko martxea

Txorierriko itsasaldea deitzen zioten gure eskualdeari 1980. urtera arte, ikertzaileek Plentziako azpieuskalkia deitu izan diote gure euskarari eta egun Uribe Kosta, Getxo, Leioa eta Erandiok osatzen dute. Gure herrietako 50 urtetik gorako guztiek ondo gogoan dituzte antzarek zerua gurutzatu ostean euren artaldeekin agertu ohi ziren «pastore kiputzek».

Toulouseko Unibertsitateko ikerketak zein Jose Miel Barandiaran bat datoz ardi martxak neolitikoan sortu eta arautu zirela esatean. Mendeetako kate horretan, familia berezia da gure eskualdean Zegamako etxezarretatarrena. Pedro, Juan, Martin, Mikel… belaunaldiz belaunaldi, neguro etortzen ezagutu dituzte gure aitaita-amamek. Kate horren azken begia Mikel Etxezarreta da, 1983. urtera arte ohitura zaharrari eutsi ziona. 12 urterekin lau hilabete Zegamako zein Aguraingo eskolan eta gainerako laurak Plentzikoan igarotzen zituen artzain-umea. Senitartekoekin etortzen zen, oinez ahal zuen neurrian, behor-saskietan ume koxkorra zenean. Saski bakoitzean anaia bi, elurtzan zehar aurrera Urbiako mendietatik Barrikako itsasertzera.

Bihartik astelehenera berriz ere errepikatuko dugu, azkeneko aldiz, Gipuzkoako Goierri eta Bizkai mendebaldeko itsasertza elkartzen zituen ardi martxa. Dokumental baten bidez belaunaldi berrien eskura laga gura dugu memoria. Urriaren 8an Urbiatik Otxandiora, 9an Otxandiotik Dimako Artaun auzora, 10ean Artaunetik Larrabetzuko Basaraz auzora, 11n Gamiz-Fika eta Lemoizetik Barrika Goierrira egingo dugu eta 12an Barrikatik Getxora. Horrez gain, ardi martxaren zikloa ixteko, urriaren 22tik 24ra Urbia Zegama eta Zegama-Segura-Idiazabal bidea egingo dugu.

Artikulu honen izenburua Youtuben jarrita trailerra ikusteko aukera duzue. Lurralde ezberdinetako euskaldunon arteko harreman historikoetatik asko ikas genezake etorkizunean egin beharrekoaz. Eta artaldea zuen herritik igarotzen ikusiz gero, lagundu otoi gorotzak garbitzen, hiritar modernoek panikoa omen diete eta.

Urte askoan artzaiak etorri izan dira Gipuzkoa eta Arabatik gure ingurura. Eta Larrabetzun bertan, Gaztelun, Atximitan edo Larrabiskerren be artaldeak egon izan dira negua pasatzen. Artzai guztiak gogoratzeko sasoia da orain. Bere bideak, ohiturak, lana eta egindakoa.

Elkarbanatu:

Add a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude