Larrabetzu eta memoria historikoa #larrabetzu

Kaixo.
Gaurko berriaberria egunkarian:

Ez dute izenik, ezta abizenik ere. Ia 80 urte eman dituzte lurpean Larrabetzuko Urkulu mendian 1936ko gerrako gudari baten hezurrek, norbaitek, noizbait, haren arrastoak aurkituko zain. Joan den larunbatean kendu zioten gainean zuen lurra Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Paco Etxebarria auzi medikuak eta zientzia elkarteko presidenteak zuzendu zituen lanak, eta Bizkaiko herriko Karraderan kirol eta kultur elkartearen laguntza izan zuen prozesu osoan. 1936ko gerraren ondorioen argipen saio batekin hasi du zientzia elkarteak gerrari hasiera eman zion altxamendu militarraren 80. urtemuga dakarren urtea. Ezkutuan eta isil izan den errealitate bati izen-abizenak jarri nahian, alegia.
Gerra garaiko bala batek eman zuen hobiaren pista. Alberto J. Sampedro Aranzadi elkarteko teknikariak Urkulu mendialdea aztertzen ari zela egin zuen topo arrastoekin, joan den abuztuan. Errepublikaren aldekoek erabiltzen zituzten balak eta kartutxoen gerrikoa aurkitu zituen zientzia elkarteko kideak lehenik, eta ingurua gehiago arakatzean konturatu zen material balistiko horren jabea ere bertan lurperatuta zegoela. Gorpuzkiak ez daude oso ondo, baina garezurra eta besoen hezurrak berehala identifikatu zituen Etxeberria auzi medikuak larunbateko ekitaldian. Urak, lurrak eta denboraren joanak eragina izan dute gorpuaren arrastoetan, baina aztarna guztien arabera, 1937ko ekainean izandako gertakarietan hildako gudari batenak dira lurpetik atera dituzten hezurrak. DNA probak egingo dituzte orain zientzia elkarteko kideek, gorpuzkien izen-abizenak zeintzuk diren argitzen saiatzeko. Edonola ere, ez da lan erraza izango, eta adituek ez dute ziurtatu hezurrak norenak diren identifikatzea lortuko duten ala ez.

Urkulu mendiko guda

Gamiz-Fika, Morga eta Larrabetzu arteko mendixka da Urkulu, eta haren hegoaldean aurkitu dute borrokalariaren gorpua. 1937ko ekainaren 11n, borroka latzak izan ziren Urkulun. Eta garrantzi berezia dute gertakari horiek, Burdin Hesia izenarekin ezaguna dena hausteko lehen urratsa izan baitzen Urkuluren aurkako erasoa. Errepublikanoen aldekoen UGT 2 batailoia izan zen borrokan hobia aurkitu duten inguruetan, eta bando frankistak egindako erasoari zortzi orduz eutsi zion. Frankistek Urkulu hartu ondoren, posizioak berreskuratzeko kontraerasoa ere egin zuten errepublikaren aldekoek egun bereko iluntzean, aire armadarik ez zegoela baliatuz. Asturiasko batailoiak, Sacco y Vanzetti batailoia eta Abellaneda batailoia izan ziren mendixka berreskuratzen saiatu zirenak. Baina ez zuten lortu, eta egunsentiarekin batera egin zuten atzera. Borroka odoltsu gisa deskribatu zuten ordukoa kazetariek, eta Urkulun ehunka hildako izan zirela diote.

Behin Larrabetzuko mendixka hartuta, Bilbo defendatzen zuen sistema parez pare begiztatzen zuten frankistek, 1.500 metro ingurura. Posizio horiek erabili zituzten matxinatuek Burdin Hesiari erasotzeko. Urkulu hartu eta hurrengo egunean, ekainaren 12an egin zuten erasoa. Larrabetzu eta Fika arteko mendialdean ireki zuten arrakala eta zazpi egunera hartu zuten frankistek Bilbo.

Gertakari horiek guztiak aztertzen ari da Larrabetzuko Karraderan elkartea, Aranzadirekin batera. Bilbo inguratzen zuen defentsa sistemaren sailkapena eta garbiketa egiten ari dira herriko hainbat boluntario, eta 1936ko gerra eta gerra osteko lekukotzak jasotzen eta dokumentazioa biltzen ari dira orain. Eta ez dute baztertzen lan horren garapenean ehorzketa gune gehiagoren informazioa jasotzea. Baina zerrenda luze baten puntuetako bat besterik ez da Larrabetzukoa.

Ehorzketa gehiago

Joan den abuztuan Pedro Uriguen Zornotzako gudariaren gorpuzkiak atera zituen zientzia elkarteak Mendatan. Eta esku hartze gehiago espero dituzte Bizkaian datozen hilabeteetan ere. Hala iragarri zuen Etxeberriak abenduaren 30ean Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera egindako agerraldian. Datozen bost urteetarako hobien plana abian jarri du Jaurlaritzak, zientzia elkartearekin batera. 36ko gerran desagertutako pertsonei buruzko informazioa jasotzea eta gertakariak argitzea da erakunde biek adostu duten egitasmoaren helburua.

Hamabost urte baino gehiago da Aranzadiko adituak 1936ko gerran hildakoen hobiak irekitzen eta ikertzen hasi zirela. Ordutik hona, 120 hobi baino gehiago ireki ditu zientzia elkarteak. Eta aurrerantzean ere bide berean urratsak egiten jarraituko dutela adierazi dute. Izan ere, 80 urte pasatu ondoren, ehorzketa gune berrien informazioa jasotzen ari dira hainbat tokitatik.

Datu horiekin guztiekin Euskadiko hobien mapa osatu dute Jaurlaritzarekin batera, eta datozen urteetan atzeman dituzten ehorzketa gune horiek guztiak ikertzea da duten asmoa. Larrabetzukoa hobien mapa horren puntu bat da. Baina ez da bakarra. Bizkaiko 28 udalerritan jaso baitituzte 1936ko gudarien hobien berri. Tartean daude Mendata, Fika, Arrieta, Zamudio, Galdakao, Zornotza, Kortezubi, Etxebarria eta Dima. Etxeberriak adierazi du posible dela lanekin aurrera egin ahala gune gehiago agertzea. Hortaz, ez da behin betiko zerrenda osatu dutena.

Euskal Herrian 6.300 pertsona baino gehiago hil ziren 1936ko gerran. Eta Bizkaian 903 lagun fusilatu ala exekutatu zituzten frankistek 1937tik 1945era bitarte. Zenbaki horien arteko asko desagertuta daude oraindik, lurpean, norbaitek gainean duten lurra noiz kenduko zain. Hori guztia ikertu eta argitara eramatea du xede Aranzadi zientzia elkarteak. Gertakariak aztertu eta lurrak 80 urte luzez gordetako memoria hori herritarrek gorde dezaten

Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude