Larrabetzuko umeen kontseilua #larrabetzu

kaixo.

www.larrabetzu.eus

Hezkuntza ñabardura txikietan gauzatzen da, prozesu minuskuloa da, gizatiarra. Umeen Kontseiluan argi daukagu politika egiten ari garela, eta politikaren hezkuntzarekin batera hezkuntzaren politikaz ari garela ere. Pertsonen arteko tratua, azken finean: elkar aditu eta elkarrengandik ikasten jakitea, elkarrengandik ikasten ikastea, esango genuke. Konfidantza eta giro atsegina funtsezko zaizkigu, gure lanaren oinarrian daude, bestela ez baita ideia jariorik, ez baita jolasik, ez ikaspenik.Ildo horretan, Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren lehen urte hau, ekainaren 6ko bilerarekin amaitu dena, oso erraza izan da. Hurbiltasuna, goxotasuna eta komunikazioa izan ditugu barra-barra. Ikasi ditugu hamaika gauza herri baten eta Udaletxe baten funtzionamenduaz, ulertu ditugu umeen arrazoiak, euren proposamenek nork aditu izan dute.

Azken bilera honetan behingoz Alkateak Kontseiluko umeei egindako galderari ganoraz heldu ahal izan diogu. “Nola erraztu eta bideratu jende gehiagok parte hartzea udal erabakietan?”, horixe zen galdera, erronka. Alkatearen galdera enfokatzeari ekin genion beraz, ideien ekarpena errazteko solasbide bat marraztuz. Badira parte hartzen duten pertsonak, nahi bai baina astirik ez dutenak, eta baita inolako interesik ez dutenak ere; badira kontsultatu aurretik azalpen handia behar duten gaiak eta beste batzuk errazagoak, galdera sinple baten bidez kontsulta litezkeenak; partehartzea presentziala edo birtuala izan daiteke…

Eta oraingoan atera diogu mamia: umeen aburuz pertsona heldu askok ez dauka parte hartzeko berebiziko interesik, eta beraz jendeari erakargarri egin behar zaio partehartzea. Beste zerbait emanez agian. Horra iritsita, umeak herritarrak erakartzeko moduetan pentsatzen hasten dira, erdi-bromatan hasiera batean: “dirua gratis” eskaini, meatxupean erakarri (“vienes o te chajo” 🙂 …Serioago gero: zer eskaini daiteke? horretan sakontzen dugu: ardoa, zerbeza, janaria… eskaini ahal zaio jendeari… Herri bazkaria ala merendola bat? Azkenean herri bazkariaren ideia nagusitzen da, nagusientzako aproposago delakoan. Herri Bazkari horretan galdekatu nahi diren gaiak planteatu eta papera eta boligrafoak emango zaizkie hiritarrei, euren iritziak jasotzeko. Partehartzeari erraztasunak eskaintzeko beste zenbait ideia proposatzen dira ere: bilerak asteburuetan egitea, email bidez komunikatzea, edo kartel elektronikoa erabiltzea.

Jolasa beti presente dugu LUKen, egiteko moduan datza eta ardurak eta erabakiak umeen esku uzterakoan ezinbestean agertzen da. Bilera honetan bagenuen bigarren zeregin bat Alkatearekin elkartu aurretik: aurreko bileratan denen artean jorratutako udal mailako proposamenak Alkateari nola aurkeztuko genizkion erabakitzea. Zozketaren bidez egin genuen, papertxoak atera eta bakoitzari tokatutako orrialde zatitxoak emanez. Horrela eginda, gustorago.

Horrekin guztiarekin Udaletxera abiatu ginen Alkatearekin Osoko Aretoan elkartzera.

Herri bazkari baten bidez herritarrak partehartzera elkartzearen ideia asko gustatu zitzaion Alkateari. Bere taldekideei dena kontatuko diela esaten du, “ze gauza batzuk egiten hasi ahal direz ya”.

Umeen proposamen guztiak ere kontatu genizkion banan-bana eta Iñigo Gaztelu Alkateak banan-bana erantzun zituen: badira guztiz egingarriak direnak, herrian beharrezko topatu dituzten hainbat konponketa kasu; proiektu bat garatzea eskatzen dutenak (Zubitaldeko parkea…) eta baita -batez ere garestiegi izanagatik- hasieratik ezezkoa jasoko dutenak, adibidez igerileku estaliak jartzeari buruzko proposamena. Iñigo Gaztelu Alkateak zenbait konpromiso hartu zituen eta euren iritzi guztiak bere koadernoan apuntatu. Argi geratzen da, adibidez, gaztetxoek aisialdian egoteko lekuei buruzko kezka dutela, azpiegiturak eskatzen ari direla, non egon handirik ez dutela topatzen. Apuntatuta geratu da eta Udala lanean ari da horri erantzute aldera.

Solasaldia mamitsua suertatzen da guztientzat, gai bakoitzaren inguruan zeresan handia baitago, herri ereduaz, kontsumo ereduaz, herriaren zainketaz eta abar. Umeen begirada beti aberasgarri helduontzat, helduon jakintzak umeen jakinminak asetuz ere.

Bilera eta LUK urtea bukatzeko, aurtengo lantaldea osatu duten 12 umeek kalendula landare eta usb memoria bana jaso dituzte opari. Maddi, Ismene, Aitzol eta Garikoitz ez dira datorren urteko lantaldean egongo, eta euren partez laugarren mailako beste lau ume hautatuko dira zozketan. Gainontzeko zortziek beste urtebetez jarraituko dute LUKen. Erronka berriei helduko diegu. ZER berriak etorriko dira, eta NOLAkotasunari eutsiko diogu. Badu nortasunik Larrabetzuko Umeen Kontseiluak…

Hemen ikus ditzakezue bilera honetako eta aurrekoetako argazkirik ederrenak.

 

Elkarbanatu:

Utzi Erantzun bat