gaztelumediko istripua prentsan #larrabetzu

Kaixo.

Atzoko istripuaren albisteak.

BERRIA:

Ezin bakean eraitsi

Gaztelumendiko oroigarri frankista eraisteko lanetan ezbeharra izan zen atzo Larrabetzun; gurutzeak espero gabeko norabidea hartu zuen, eta lau herritar zauritu zituen.

lbisteak bestelakoa izan behar zuen atzo Larrabetzun (Bizkaia), Gaztelumendiko oroigarri frankista eraisteko ekitaldian. Gurutzea botatzeko lanetan gertatutako ezbeharrak bereganatu zuen, ostera, protagonismoa: harriek espero gabeko norabidea hartu, eta lau lagun zauritu zituzten; tartean, EAJko zinegotzi bat.

10:30ean zuen jarria hitzordua Larrabetzuko Udalak, Gaztelumendiko gurutzearen aurrean. Ekitaldi xumea izan behar zen. Han bildutako 40 lagunen aurrean, udalbatzak aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Iñigo Gaztelu alkateak. Aurten 80 urte bete dira tropa frankistak Larrabetzun sartu zirenetik, eta udalak eta herriko elkarteek hainbat jarduera antolatu dituzte memoria historikoa lantzeko. Gaztelumendiko gurutzea botatzea izan da ekintza nagusietako bat, oroigarriak sinbologia handia baitzuen: tropa frankistek Gaztelumendin lortu zuten Burdinazko Hesia apurtzea.

Gurutzearen inguruan bildutako auzokideek Internazionala eta Eusko gudariak abestu eta gero, beharginak harrizko eta hormigoizko oroigarria botatzeko lanetan hasi ziren. Gurutzea hondamen egoeran zegoen, eta «berehala erortzeko arriskua» zuen. Hori zen, hain zuzen ere, oroigarria botatzeko beste arrazoi nagusia, udalaren arabera. Beraz, gurutzea sokekin kamioi batera lotu zuten langileek, erraz botatzeko. Kamioia tiratzen hasi eta 30 segundora, gurutzea erortzen hasi zen. Baina aurreikusitako aldera erori beharrean, oroigarriak albo baterantz egin zuen, eta txikitutako gurutzearen harriak auzokideengana heldu ziren.

Ezbeharraren ondorioz, lau zauritu artatu behar izan zituzten: bi emakume, gizon bat eta arin zauritutako haur bat. EAJko zinegotzi Maria Luisa Mezo Loroñok jasan zuen kolperik handiena: hanka biak apurtu zituen.

Segurtasun neurriak

Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu «shock egoeran» geratu zen istripuaren eraginez: «Inpotentzia sentitzen dugu». Udalak ohar bat zabaldu zuen, zaurituei elkartasuna adierazteko eta segurtasun neurrien inguruan azalpenak emateko asmoz: «Eraisketa aurrera eramateko, udalak beharrezkoak diren neurri guztiak —segurtasunezkoak zein teknikoak— bete ditu». Udalak enpresa bat kontratatu zuen oroigarria eraisteko, eta segurtasun arduradun bat izendatu zuen, lanak koordinatzeko. Gazteluren arabera, «gertatutakoa argitzeko beharrezkoa den txosten teknikoa egingo dute udal teknikariek eta eraisketaren arduradunek».

Gurutzea bota eta gero, oroigarriaren azpiko arrastoak ikertzea izango da hurrengo zeregina. Karraderan herriko elkartea arduratuko da horretaz, Aranzadirekin elkarlanean. Izan ere, azpian «armak edo gorpuak» egon daitezkeela uste dute. Azterketa hori amaitzean, udalak oroigarri bat jarriko du, «askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko».

Larrabetzu 1937-2017 elkarteko kide Iñaki Berazategirentzat, horrelako jarduerak ezinbestekoak dira: «80 urteko memoria lapurtu digute». 36ko gerrako eta frankismoko errepresioarekin «isiltasun harresi bat» dagoela uste du: «Benetan gertatu zena ezagutzera eman behar dugu; isiltasun harresi hori apurtu behar dugu».

Iritzi berekoak dira ekitaldian bildutako larrabetzuarrak. Gaztelu auzoan bizi da Isabel Alaiogoikoa, oroigarritik metro gutxira, baina ez du sekula gertu sentitu: «Sinbolo hau arrotza zen hemen». Udalak hartutako erabakiaren ados agertu da: «Hemen hil direnei egin behar zaie gorazarre, memoria gal ez dadin».Bideoa: Gurutzea erori den unea (Julen Nafarrate).

 

GARA

 

Lau lagun zauritu dira Larrabetzun, Gaztelumendiko gurutze faxista eraistean

Larrabetzuko Udalak eraitsi egin du Gaztelumendiko gurutzea, Francoren Armadako hildakoak oroitzeko eraiki zutena. Oroitarria erori denean segurtasun hesiaren atzean zeuden lau ikusle harrapatu eta zauritu dituzte errebotatuta atera diren harriek. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleetara eraman dituzte. Udalak segurtasun neurri guztiak hartu zituela adierazi du.

Larrabetzuko Udalak Gaztelumendiko gurutze faxista eraitsi du gaur goizean, udalbatzak apirilean hartutako erabakiari jarraiki. Botatzeko unean, ordea, ezbeharra gertatu da. Segurtasun neurri guztiak hartuak ziren arren eta gurutzearen inguruan hesia ezarrita zegoen arren, gurutzea lurrera erortzean errebotatuta atera diren harriek han zeuden lau pertsona harrapatu dituzte eta zauriak eragin.

go Gaztelu alkateak NAIZi azaldu dionez, pertsona batek hanka apurtua du eta besteak kolpeak. Bi anbulantzia bertaratu dira, zaurituak artatzera. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleetara eraman dituzte.

Ezbeharraren ondoren udalak ohar batean adierazi duenez, udal teknikariek eta eraistearen arduradunek gertatutakoa aztertuko dute. Gurutzea eraisteko beharrezkoak diren neurriak, «segurtasunekoak eta teknikoak», bete dituela esan du, baina «tamalez zoritxarreko istripua gertatu da».

Zaurituei elkartasuna adierazi die eta «behar duten guztirako» bere esku dauden baliabideak jarriko dituela erantsi du.

1938an eraikia

Gaztelumendiko gurutzea Francoren Armadako hldako soldaduak oroitzeko eraki zuten 1938an, Bizkaiko Foru Aldundiak aginduta. Monumentuak zuen sinbologia frankista kontuan hartuta eta hondaturik eta erortzeko arriskuan zegoela ikusirik, Udalak lurrera botatzea erabaki zuen.

Frankistek Larrabetzu okupatu zuteneko 80. urteurrena dela-eta antolatutako ekintzak aprobetxatuz, gurutzearen ordez Udalak ohorezko oroitarri bat jarriko du «askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko».

aikor

Lau zauritu, Larrabetzuko Gaztelumendiko gurutzea kentzean

Duela hilabete batzuk, Larrabetzuko Udaleko udalbatzak aho batez onartu zuen Gaztelumendi mendian dagoen gurutzea lurrera botako zutela. Azkenean gaur egin dute eta bota dutenean, harrien txintxorrek segurtasun-perimetroa gainditu dute eta publikoaren gainean erori dira.

Horrek min eman die lau laguni. Horietako hiru Galdakaoko ospitalera eraman dituzte eta gaur bertan itzuliko dira etxera. Laugarrenak, María Luisa Mezo Larrabetzuko Udaleko EAJko zinegotzia, aldiz, hanka biak ditu apurtuta. Mezo Gurutzetako ospitalean dago.

Larrabetzuko Udalak ohar bat kaleratu du, eta bertan elkartasuna adierazi die zaurituei. “Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko ditu behar duten guztirako”, esan du. Gainera, Udalak bere lana txukuna izan dela babestu du. “Erortze hau aurrera eramateko, Udalak beharrezkoak diren neurriak, ziurtasunezkoak zein tekniko guztiak, bete izan ditu. Tamalez, neurri guztiak hartuta ere, zoritxarreko istripua gertatu da. Udaleko teknikoek eta erortzearen arduradunek, gertatutakoa argitzeko beharrezkoa den txosten teknikoa egingo dute”.

 

Ekintza sinbolikoa, bigarren mailan

Istripua dela-eta, Gaztelumendiko gurutzea kentzea bigarren mailan gelditu da. Gaur, 10:30etan, 40 lagun inguru batu dira Gaztelumendin. Iñigo Gaztelu alkateak iragarri du askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko plaka bat jarriko dutela gurutzearen lekuan. Ostean, han batutakoek Eusko gudariak eta Internazionala abestu dituzte. Azkenik, kamioi batek tiraka bota du gurutze erraldoia, baina ez da erori espero zuten lekura eta istripua gertatu da. Udalak hori botatzea erabaki zuenean arrazoi bi eman zituen: batetik, gurutzea erortze arriskuan zegoela; bestetik, monumentuak duen sinbologia.

Oraindik egun batzuk emango dituzte eremu hartatik obra-hondakinak erabat kentzen, eta lan hori bukatzen dutenean, Karraderan elkarteak gurutzea zegoen zonaldea aztertuko du. Izan ere, baliteke bertan gorpuak lurperatura egotea. Gaztelumendi mendia 1936ko Gerran Bilbo defendatzeko egindako Burdin Hesiaren barruan zegoen kokatua. 1937ko ekainaren 12an frankistek hesia apurtu zuten eta hurrengo egunean, Larrabetzu okupatu zuten. Handik hilabete batzuetara, frankistek Gaztelumendi tontorrean harrizko eta hormigoizko gurutze bat eraikitzeko agindua eman zuten, euren armadako hildakoak omentzeko. Monumentua 1938an inauguratu zen.

 

 

 

Elkarbanatu:

Utzi Erantzun bat