Larrabetzu eta Gamiz-Fikaren arteko errepidea konpontzeko lanek arazoak ekarri dauz #larrabetzu

Kaixo.

AIKORren irakurrita:

Urtarrilean eta otsailean eurite handiak egon ziren Bizkaian eta horien ondorioz, otsailaren 13an, lur-jausi bat egon zen BI-3102 errepidean, Larrabetzu eta Gamiz-Fikaren artean. 
Bizkaiko Foru Aldundiak konpontze lanei ekin zien eta bideak hilabete batzuk eman ditu itxita, harik eta ekainaren 18an trafikorako berriro zabaldu den arte. Horren haritik, auzokide batzuk kexatu dira, lanek euren lurretan eragina izan dutelako. “Urkulu basoko sarbidea, mendi bidea, moztu egin dute, bertan hiru metroko harri-lubeta egin dutelako. Beraz, ezin gara gure lurretara sartu”, esan digu Juan Antonio Zorrozua larrabetzuarrak.
Juan Antoniok duen arazoa zenbait jabek ere badute. “Hamar lagun baino gehiago gabiltza kexatzen, baina lanek eragina izan dute jabe gehiagoren lurretan. Hasiera batean, gure arazoaren berri Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateari eman genion. Berak Aldundira jo zuen, baina ez zioten erantzun argirik eman. Ostean, azalpenak eskatu genizkion Celia Rodríguezi, Aldundiko lanen arduradunari, eta horrek esan zigun lehentasuna errepidea irekitzea zela, eta ez zutela konponketa gehiago egiteko aurrekonturik. Azkenik, gutuna bidali diogu Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuari, baina ez dugu oraindik erantzunik jaso. Ez dakit zer egingo dugun”.  
Auzokideek babesgabe ikusten dute euren burua. “Ez dakigu ezer. Erantzuna jasotzea gustatuko litzaiguke. Orain ez dago aurrekonturik? Ados, baina ondo legoke Aldundiak konpontzeko konpromisoa; gaur, etzi edo bi hilabete barru. Azken batean, 20 metroko aldea baino ez da. Errepidearen inguruan dauden beste mendi bide batzuk konpondu dituzte; gurea, ordea, ez. Egoera ez da zilegi. Gainera, bidea ixteak beste arazo bi ekarri ditu: batetik, harri-lubeta arriskutsua da handik motorrak ibiltzen direlako; eta bestetik, alde honetan dagoen goi-tentsioko dorrera ezin da heldu”.  
Aikor! aldizkaria harremanetan jarri da Aldundiarekin, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.

 

 

Elkarbanatu:

Utzi Erantzun bat