Txorierrin zabor kuota ezartzeko sistema berriak eztabaida sortu du #larrabetzu

Kaixo.

Gaurko BIZKAIKO HITZAn:

Natalia Salazar Orbe
Txorierriko mankomunitateak aldatu egin du errefus ere esaten zaion hondakinen atala pisatzeko sistema, eta, jasotako datuen arabera, herri bakoitzarentzako kuota berriak onartu ditu. Uztailean hartutako erabaki horren arabera, orain arte baino 18.922,80 euro gehiago ordaindu beharko lituzke Larrabetzuko Udalak urtean, hiri hondakin solidoen bilketaren truke. Pisatze sistema aldatzearekin konforme agertu da Larrabetzuko Udala; baita, datuek hala badiote, gehiago ordaintzearekin ere. Baina datuak oker daudela uste du, eta berrikusteko eskatu dio mankomunitateari. Horrek onartu berri du berriz aztertzeko eskaera.
Eskualdeko sei herriren hondakinen bilketa kudeatzen du mankomunitateak: Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio. Azken sei urteetan, udal bakoitzak sortzen zuen hondakin kopurua kalkulatzeko, urtean bi astez pisatzen zituzten edukiontziak, horretarako kamioi bereziak hartuta, propio. Datu horiek oinarri hartuta, herri bakoitzari ordaindu beharreko zenbatekoa ezarria zioten.
Joan den uztailean, mankomunitateko zuzendaritzak erabaki zuen aldatzea udal bakoitzak sortzen duen hondakin kilo kopurua kalkulatzeko sistema. Igotz Lopez presidenteak eman ditu xehetasunak. Bi kamioi erosi dituzte, eta pisatzeko sistema jarri diete. Horrez gain, dituzten beste bi kamioietan ere jarri dute sistema hori. Hala, egunero egingo dituzte pisaldiak. “Orain, beraz, datu gehiago eta zehatzagoak ditugu”.
Europako Batasuneko proiektu baten barruan dago sistema berria. Kontua da Larrabetzuko Udalak uste duela teknikariek jasotako datuekin osatu duten txostena ez dela zuzena. %12 garestitu zaio kuota herri horri. Hain zuzen, hilean 1.576,90 euro gehiago ordaindu beharko dizkio mankomunitateari. Denera, urtero, 172.813 euro ordaindu beharko ditu, mankomunitateak uztailean onartu zituen kuota berrien arabera. Datuek atentzioa eman zietenez, azalpenak eskatu zizkioten Lopez presidenteari.
Uztailaren 2ko Ogasun, Barne Gai eta Zerbitzuen Batzordean proposatu zuen EAJk igoera hori. Hurrengo astean onartu zuen mankomunitateak, osoko bilkuran, EAJren botoekin. Hilaren 9a zen. Handik bi egunera jaso zituen Larrabetzuko Udalak datu gutxi batzuk. Hain zuzen, urtarrilari, otsailari eta martxoari zegozkien pisatze datuak. Ordurako, ordea, onartuta zegoen herri bakoitzaren kuota. Hori dela eta, informazio falta salatu du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. “Ez da bidezkoa batzorde batera deitzea eta daturik eman gabe esatea sistema berriaren ondorioz kuota igoko dutela. Eta hurrengo asteko osoko bilkuran proposamen hori onartzea”.
Datu deigarriak
Kuota berriak onartu ostean iritsi zitzaizkien txosten teknikoari buruzko datuak. Sakon aztertzeko denbora gehiago behar bazuten ere, berehala eman zieten atentzioa zenbait datuk: “Batetik, txostenean udalerrian ez dauden hogei edukiontzi agertzen dira”. Baina bereziki deigarria iruditu zitzaien Lezamak, Larrabetzuk baino ia 400 biztanle gehiago izanik, hark baino %30 hondakin gutxiago sortzea hiri ingurunean. 2017ko mankomunitatearen datuek ere erakusten dute hilero ia 6.000 kilo gehiago jaso zituztela Lezaman Larrabetzun baino —hil batzuetan gutxiago, eta beste batzuetan gehiago—.
Datuok ikusita uztailean bertan batzartu ziren Txorierriko Mankomunitateko presidentearekin, zituzten zalantzak argitze aldera. “Bera ere harrituta geratu zen Lezamarekin egin genuen alderaketa ikustean. Zabor gutxiago sortzea ez zitzaion iruditu logikoa. Aztertuko zuela esan zigun”. Hala ere, joan den astera arte ez dute izan beste albisterik. Orduan baieztatu zien Lopezek datuak berriz aztertuko dituztela; baita pisaldi berrien datuak kontuan hartuko dituztela ere.
Erantzuna “ontzat” eman du Gazteluk. “Mankomunitateko presidenteak onartu du, behintzat, zerbait arraroa badagoela. Izan ere, Larrabetzuko EAJk, presidentearen alderdi berekoa izanik, ontzat emana zuen kuoten igoera”.
Gauza bakarra eskatu dio alkateak mankomunitateari: “Irail bukaeran, datu berriak eskuan dituztenean, batzar bat egin dezatela azalpenak emateko”. Orain arteko prozesuan informazio falta sumatu du eta. Kuota berriak presaka onartu zituztela uste du.
Mankomunitatearen kuota berriak indarrean daude, ofizialki, uztailaz geroztik. Hala ere, Lopezek esan du “berrikusten” ari direla. “Datuak txarto badaude, ez dugu izango inolako arazorik aldatzeko”. Eta sistema berriaren onurak goraipatu ditu. Hari esker, “kamioi bakoitzak egun, ordu jakin batean eta edukiontzi zehatz batean zenbat kilo zabor jaso duen jakingo dugu; egunero”. Horrek zaborraren bilakaerari buruzko datuak emango dizkie; baita egunen araberako bilketari buruzko informazioa ere.
Gipuzkoako zaborra, Zabalgarbin
Gipuzkoako hiri hondakin solidoak hartzen hasia da Bilboko Zabalgarbi errauste planta. Astelehenaz geroztik egunero iristen dira errefus hondakin deritzenez betetako hamar kamioi zabor. Gipuzkoako 5.000 tona zabor jasoko ditu hilean.
Aurreko astean hasi zituzten proba saioak, eta, orain, jarraian ari dira egiten garraiook. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek akordioa adostu zuten horretarako.
Hondakin horiek erre ostean, errautsak Bilboko Artigas zabortegira jaurtiko dituzte.
Gipuzkoako agintariek azaldu dute Zubietako errauste plantak datorren urteko urri edo azaro aldera hartuko dituela herrialdeko zaborrak.
Elkarbanatu:

Utzi Erantzun bat