Uritarra prentsan @uritarrakt #larrabetzu

kaixo.

DEIA:

Herri izaerako kluba
LARRABETZUKO URITARRA FUTBOL KLUBAK 70URTE BETE DITU ETA AURTEN NESKEN ESKOLAFUTBOL TALDE BAT SORTZEA LORTU DU.GOGOTSU HASI DIRA, GAINERA
Bizkaian udalerri txiki asko daude, eta horietako batzuk bizi eta mugimendu handikoak. Horietako bat Larrabetzu da, Txorierriko eskualdean kokatua. Aurten, bertako futbol klubak 70 urte bete ditu;ez da gutxi. Uritarra da futbol klubaren izena eta bertako futbol zale guztiak biltzen ditu. Aurten 11 talde osatu dira;horietatik zazpi eskola mailakoak dira;eta, beste laurak, federatuak. Kluba oso harro dago talde kopuruaz;izan ere, egoera asko hobetu da. “Oso pozik gaude, zifra oso ona delako. Duela zazpi urte, ni hasi nintzenean, bost ziren;orain, zazpi ditugu. Gainera, jokalarien %90 herrikoak dira, baina Lezama, Zamudio eta Morgako jendea ere badago” azaldu digu Janirek, eskola taldeen arduradunak.

Aurten hamaika talde osatu dira;horietatik zazpi eskola mailakoak ;beste laurak, federatuak eta %90a Larrabetzukoak dira

Bestalde, klubeko partaideak oso pozik daude, neskaz osatutako talde bat sortzea lortu dutelako. 18 neskatilaz osatuta dago eta erakundeak egindako sustapen lanaren fruitua dela esan dezakegu. “Pasa den urtean eskola talde bat osatzeko aukera aztertzen hasi ginen eta aurten 17 neskatilak eman dute izena. Beste bat ere badaukagu, entrenamenduetara etortzen dena. Zalantzak genituen, ea proiektuak aurrera egingo zuen ala ez;izan ere, kontuan izan behar dugu nesketako batek ere ez duela aurretik jokatu;orain arte ez dute ia-ia inolako harremanik izan baloiarekin. Hala ere, harritu egin gara eta taldean oso sintonia ona dago”, esan digu Janirek.
Gainera, jokalariak oso fidelak dira;entrenamendu guztietara etortzen dira eta futbol 7ko txapelketa jokatzen ere hasi dira. “Talde ona egin dugu. Badakigu jokalari asko direla talde bakarrerako, baina ez ditugu banatu nahi;azken finean, lagunak dira, eta elkarrekin eman dute izena. Futbol 7 modalitatean jokatzen dute eta lehenengo partida irabazi egin dute. Sinetsi ezinik zeuden;hala ere, lagun arteko partida guztiak askogatik galdu zituzten. Hori bai, filosofia handiz hartzen dute. Nahiz eta aurkariek hamar gol sartu, eurek lortutakoa hartzen dute kontuan;eurek sartzen duten gol bakoitza oso modu positiboan baloratzen dute”, baieztatu du koordinatzaileak.
Neskatilen arteko giro polit hori klub osoan sumatzen da. Uritarra klub apala eta xumea da;helburua ez da onenak izatea, baizik eta haurrek futbolean jokatzeko eta ondo pasatzeko aukera izatea. “Maia-tzean ateak irekitzeko jardunaldi bat izaten dugu, probatu nahi duenarentzat. Animatzen diren guztiak onartzen ditugu. Ez dugu fitxaketarik egiten. Denak dira ongi etorriak. Esaterako, haur kategoriako Lezamako talde bat daukagu. Ez daukate futbol 7 modalitatean jokatzeko aukerarik, beraz, hona etortzen dira, eta gu pozarren gaude”, esan digu Janirek.
Klubak antolatzen duen ekitaldirik garrantzitsuenetako bat txapelketa solidarioa da. Maiatzaren amaieran izan ohi da eta aurten zor-tzigarren edizioa egin dute. Biltzen duten dirua elkarte desberdin bati ematen zaio, urtero. Oraingoan, Garmitxa elkartearentzako izan da. Elikagaiei alergia izatea eragiten duen gaixotasun arraro bat daukaten pertsonen aldeko elkartea da;gaixotasunak ez dauka izen ofizialik baina ikertzaile batek ATA izena jarri zion (Alergia Total a los Alimentos). 8.500 euro lortu ziren. “Edizioa oso positiboa izan da. Herritarrek asko lagundu zuten txapelketaren antolaketan eta zortea izan genuen eguraldiarekin. Oso ona egin zuen. Agian horregatik lortu genuen diru gehiago. Tenperaturak asko eragiten du edariak kontsumitzeko orduan, esaterako. Beste urte ba-tzuetan eguraldi txarra egin du eta emaitzetan nabaritu dugu. Gainera, Bizkaia osoan asko baloratzen den txapelketa da eta jendea gogoz etor-tzen da”, esan du.
Txapelketa bi egunekoa izan zen;ostiral arratsaldea eta larunbat goiza taldeen faserako;eta larunbat arratsaldea finaletarako. Guztira, hamasei taldek parte hartu zuten eta lau taldetan sailkatuta geratu ziren. Athleticek irabazi zuen, Peña Athletic taldearen aurkako partida gogor baten ostean. Penaltiak bota behar izan zituzten.
Hala ere, Larrabetzuko klubak eta herri osoak beste zerbait ere izan zuten ospatzeko;izan ere, lehenengo taldea ohorezko dibisiora igo zen, beraz, jai handi bat sortu zen, sare sozialen bidez ere eman zutena. Uritarraren senior taldeari harrera egin zitzaion udaletxean, jokalariak autobus batean ibili ziren herritarrak ospatzera animatuz eta denen artean jai handi bat egin zuten futbol zelaian.
Kategoria horretako debutean taldeak ez du oraindik partidarik galdu, eta hala jarraitzea espero dute. Bitartean, eskolako jokalariek ederto pasatzen dute astebururo han eta hemen jokatzen. Ziur horietako askok talde federatuetan jokatuko dutela etorkizunean. Esaterako, erregionaleko hirugarren mailan jokatzen duten ia denak harrobikoak izan dira.
Larrabetzu herri txikia da baina klub handi bat dauka, oso maitatua.

 

 

Elkarbanatu:

Utzi Erantzun bat