Kaixo.

NAIZ:

Esther Irastorza Apaolaza

Apaolaza sendiaren izenean

Ez da erraza aurreko igandean Bizkargin bizitako guztia hitzez islatu eta eskertzea. Aurrena aitortu behar dugu 82 urte eta gero Joxe Apaolaza Oiarbidek nekez izan zezakeela omenaldi ederragorik. Nork esango ote zion bertan zauritua izan zen 23 urteko gazte gabiriar hari, 82 urte geroago eta ikurrinaren azpian, Bizkargin ehunka lagun elkartuko ginela, une hartan gerra galtzeko bidean zeuden eusko gudariei eskerrak eman eta omentzeko?

Antolatzaileei ez dakit zenbat aldiz eman dizkiegun eskerrak, baina iruditzen zaigu omenaldi horretan jasotakoak dagokion esker ona ematea baino askoz ere gehiago behar duela, igandean ez baitzen ezer bukatu. Horregatik eta karta hau bitarteko dela, mahai gainean hiru hausnarketa jarri nahi ditugu:

Transmisioaren garrantzia. Gehienetan beldurragatik, baina agian beste batzuetan lotsagatik, eusko gudariak gerra galdu zutelako estigmatizatuak eta gerraosteko errepresioaren ondorioz ahaztaraziak izan dira. Horren aurrean eta hasiera batean etxeko sua izan da euren oroimena bizirik mantendu duen ia bakarra. Gurean, amonarengandik askotan entzun dugu bere neba nola joan zen, abiatu aurretik baserriaren atarian negarrez geratzen zen bere arrebarik txikiena kontsolatzera lau aldiz itzuli zela, eta zenbat aldiz, amonaren kezka, bere neba non hil zuten ez zekielako. Igandeko omenaldiaz geroztik, osabaren kontua, etxean «gai delikatua» izatetik, harrotasun motiboa izatera igaro da eta poztekoa da, eusko gudari baten senidea izatea ez baita gutxiagorako.

Herri elkarte memorialisten lanaren garrantzia. Artxibategiak ozeanoak bezalakoak dira, eta informazio bila aritzean urpekariaren sentsazioa izaten duzu, bakarrik ari zarenarena. Sentsazio hori herri elkarteren baten atea jotzean amaitu egiten da. Aurreneko unetik harrera, laguntza eta enpatiaz babeste baitzaituzte; horrez gain, zure senitartekoaren jarduna une horretan kontestualizatzen da, maila indibidualetik maila kolektibora igaroz, biktima bai baina eusko gudaria izan zela ahaztu gabe.

Zentzu horretan, baloratu behar dira elkarte hauek antolatzen dituzten ekimenak, gure herriaren defentsa gune eta batailak omentzeko.

Herri ekimena bultzatu beharra. Memoriaren arloan ere, herri ekimenak instituzioen aurretik doaz eta Goldatu elkartearen izenean Josu Ibargutxik adibide argia jarri zuen; beldurra ez bada, eta Legebiltzarrak egun duen osaketa kontuan hartuta, 2019. urtean zein arrazoi egon daiteke Euskadiko erkidegoan, gerra eta frankismoko biktimak eta bereziki eusko gudariek lege bitartez aitormenik ez izateko? Gure errepresaliatu eta gudariak ahazten baditugu, sekula ez gara herri librea izango, ezta duina ere.

Aipatzekoa, beraz, Goldatu elkarteak abian jarriko duen ekimena, errepresaliatu eta eusko gudarien memoria aitortzeko Herri Ekimen Legegile batena eta horri begira esan, sinadurak biltzeko iragarri zuen erronkari gogoz helduko diogula.

Esan bezala, igandean eusko gudariak omendu, eta eskerrak eman genizkien, izan zuten eskuzabaltasuna, maitasuna eta herriarekiko erakutsi zuten konpromisoagatik. Horrez gain, eta familiaren izenean eskutitz hau baliatu nahi dugu euren lana goraipatuz Euskal Herriko elkarte memorialistei eta bereziki Larrabetzuko taldeari eta Bizkargi Gogoratuz elkarteari publikoki eskerrak emateko.

Elkarbanatu: