KONFINAMENDUKO ALTXORRAK #LARRABETZU

kaixo.

LUKeko lagunak bialdutakoa…

KONFINAMENDUKO ALTXORRAK

Kaixo, lagun!

Konfinamendu egoera ezarri zenetik ziur gaude etxe asko sormen laborategi bihurtu direla. Hori dela eta, Larrabetzuko Udalak, Umeen Kontseiluarekin batera, sormenak opari egindako hori jaso gura du, herriaren memoriarako altxor gisan.

Bakoitzaren zaletasunetatik, gustuetatik edo beharrizanetatik sortu edo sortuko duzuen horrek batuz herri-erakusketa bat antolatu nahi genuke.

Edozein motatako lanak izango dira ongi etorriak, sormenak ez baitu mugarik ezagutzen: margolanak, edozein materialez egindako eskultura zein eraikuntzak (legoak, maketak…), idazlanak (ipuinak, olerkiak…), musika konposizioak, abestiak, antzerkiak, argazkiak, bideofilm laburrak, etxean egiteko esperimentuak, sukalde errezetak… Azken finean, sormenak eskaintzen digun espazio zabal horretan sortutako edozer.

Formatuari dagokionez, zuek aukeratutakoa: Teknologia berriak erabili daitezke, argazkiak, bideoak, audioak… edo eskulanak izan daitezke.

Ume eta nagusiei zuzendutako ekimena da hau.

Bakarka sortutako lanez gain, badakigu egoera berezi honetan familiok, kolektibo moduan, artelan ugari sortu dituzuela, eta uste dugu polita dela elkarrekin egindako hauek ere jasotzea.

Ahal denean erakusketa bat egitea da asmoa, hala, lehiaketen epaietatik urrunduz elkargune bihurtu nahi dugu ekimen hau.

Zuon altxorrak ekartzeko modu bi aurreikusi ditugu:

-Lan digitalak emailez: konfinamedukoaltxorrak@gmail.com

-Lan fisikoak: Errebalen, data eta ordutegi hauetan:

Ekainak 29 eta 30

11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara

Lanak ekartzeko azken eguna: Ekainak 30

Animatu, orain ere herrigintzan!!

Jaso gure partetik agurrik beroena,

LUK (Larrabetzuko Umeen Kontseilua)

LARRABETZUKO UDALA

Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude