Etiketaren artxiboa: berria

Gaztelumendi: Burdin Hesiaren porrota #larrabetzu

Kaixo.

BERRIAn irakurritakoa:

Urrustiko Burdin Hesira eraman ninduen polizia motorduna zen nire bizkartzaina. Iparraldera jo genuen, erasoa espero genuen lekura. Zortiretan jada, mendi-bizkarra artilleria erasopean zegoen. Lubakietan sartu ginen, eta hegoalderantz jo genuen, Kantaibasorantz. Defentsa guneak oso ahulak ziren. Orduan, metrailadore berriak heldu berri ziren. Gudariek bizkarka zeramatzaten batetik bestera, sutsuki. Jaurtigaiak gure gainetik pasatzen ziren sarri. Ez genuen zalantzarik erasoaren prestakuntza pil-pilean zegoela. Etsaien kanoien distira iparraldetik hegoaldera ikus genezakeen: Mungiako ibar osoan zehar; Errigoitiko gainetan eta Mendigane, Meaka eta Morga mendixketan; eta, aurrez aurre, Fikatik Bizkargira». Hitz horiekin jasotzen du The tree of Gernika liburuan G.L. Steer kazetari britainiarrak 1937ko ekainaren 12an Gaztelumendi-Urrusti-Berreaga mendilerroan Burdin Hesiak jasandako erasoan ikusitakoaren kronika. Matxinatuek Bizkargi mendiaren posizio garaiagotik, Burdin Hesiko zatirik ahulenetarikoaren ikuspegiarekin indarrez eraso zuten 160 bat kanoirekin, alemaniarren ehun bat ehiza hegazkinekin eta baita hegazkin bonbaketariekin ere. Steerrek berak minutuko 80 jaurtigai neurtu zituen erasoaren unerik latzenetan. Suak eta keak guztia inguratzen zuen. Gudariek, aldiz, artilleriako hogei pieza baino ez zuten izan erasoari aurre egiteko. Gertakari horren azken aztarna artean ibili eta oroimen historikoa piztuta iraunaraztea da ibilbidearen aitzakia.

Larrabetzuko Askatasuna plazan hasiko dugu ibilaldia, 37ko gerran gertatutakoaren omenez jaso diren informazio panelen aurrean. Lehen urratsak iparralderantz bideratu behar ditugu. BI-3713 errepidera jaitsi, eta, haren ertzetik, Morga eta Mungiarantz jarraituko dugu. BI-2713 errepidearekin elkargunean, 1937ko ekainaren 1ean bertan hil zuten alemaniar pilotuaren hilarria dago, errepidearen eskuinean dagoen hesiaren ondoan. Abellaneda batailoiko gudariek fusilez tiro egin, eta haren ehiza hegazkina lurrera bota zuten.

Goikolexalde auzoan, San Emeteri eta San Zeledonio elizaren ondotik pasatuko gara. Hori Larrabetzuko baserritar sakabanatuen bizitzaren erdigunea izan da beti. Eliza hori Donejakue bideari ere lotuta dago, eta Zin-bidearen derrigorrezko geralekua zen. Behe Erdi Aroan, Gaztelako erregeak Bizkaiko legezko jaun gisa onartuak izateko erritu bidea egin behar zuten.

Metrailadore habiak

Bizkargirako bidea eskuinean utzi, eta Zugazti errekaren ondotik ibiliko gara, Ugalde errotaren ondoko bihurgune hertsi bateraino. Oraingoan, GR-280 Uribe eta PR-BI-254 bideari jarraikiz, Astoreka leporaino igoko gara errepidearekin bat eginez. Hiru metrailadore habi zeuden han 37ko ekainean. Errepidea zeharkatu, eta hormigoizko bidean gorantz egingo dugu Zarandoa auzoaren eta San Salvador baselizaren ondotik. Alanbre hesia eskuinean dugula, Goikomendira (272 metro) helduko gara, baina, aurretik, gudariak babesteko aterpeen aztarnak eta bonba zuloak ikusiko ditugu. Aterpe horietan bonbardaketatik babestu ohi ziren, eta, ondoren, infanteriaren erasoari aurre egiteko lubakietara bueltatu. Ikuspegia ere zoragarria da goialde horretatik: Durangoko mendiak, Bilbo Handia, Serantes, Triano, Ganguren…

Ipar-ekialderantz igoaz, Goikonaga (297 metro) gainditu, eta aurrez aurre ikus dezakegu Gaztelumendi (323 metro). Bitarteko lepora iritsi aurretik, eskuin belardian beherantz desbideratu behar dugu metrailadore habia baten aztarnak ikusteko: gela nagusia eta tirogilearen lekua, sabairik gabe. Aitzineko bidera itzuliz, aldaparen hasieran eskuineko hesia zeharkatuz gero, aterpe gisa erabili ohi zen leizea ikus dezakegu magalean. Haren gainetik igo, eta, ondoko etxearen ezkerretik gandorreko baso zidorrari jarraikiz, Gaztelumendira (272 metro) iritsiko gara. Gurutze erraldoi batek gudu horretan hildakoak oroitzen ditu. Baina metro batzuk lehenago, metrailadore habia osoa aurki dezakegu, sabai eta guzti. Barruan sartu, eta imajina dezakegu bonba soinuen eta ke artean gudariek ikusi eta sentitzen zutena, metrailadorearen katuari sakatzen zioten bitartean.

Mendilerroa utzi, eta etorritako bidetik itzuliko gara lepora. Hegoalderantz, PR-BI-254 ibilbidearen marka zuri-horiak gidari, Gaztelu eta Loroño auzoetako baserri arteko pistatik Larrabetzura jaitsiko gara. Heltzear, bi baserriren artetik pasatuko gara. Ezkerreko baserriaren ondoan, bidezidor batek beherantz egiten du hasieran, baina, eskuinera biratu ondoren, maldatsu bihurtzen da. Horren ezkerrean altxorra gordetzen da: harri hormaz jasotako gotorleku horrek hamar saietera ditu gudariek tiro egin zezaten. Lubaki arrastoak ere badira inguruan.

Ibilaldiaren azken aztarna Larrabetzuko hegoaldean, industrialdearen alboan dago, Sarrikolea auzoan. Gaur egun, oraindik, Pikene baserriaren fatxadan metrailadore habia eta hiru saietera duen horma ikus daiteke.

 

Aukeratzeko bidea ireki

Larrabetzuko eskolako soloa

Ekaitz BarrenetxeaLarrabetzuko Txinpasmendi guraso elkartea.

Larrabetzuko Eskolako jantoki zerbitzua, Guraso Elkarteak kudeatzen du. Zerbitzua bermatzeko orduan lau zutabetan banatzen dugu gure lana: Iraunkortasun ekonomikoa, lehengaien kudeaketa, langileria eta jantoki proiektua eskolako hezkuntza proiektuan txertatzea. Langileak kontratatzen ditugu, kozinatzeko behar diren lehengaiak erosten ditugu eta sukaldeko mantenimenduaz ere arduratzen gara. Era berean, ikasleak, ortuaren eta zabor organikoaren kudeaketaz arduratzen dira.

Hau guztia egiteko jantoki zerbitzuaren erabiltzaileen kuoten bitartez bakarrik baliatzen gara, Eusko Jaurlaritzatik ez dugu inongo diru-laguntzarik jasotzen.

Lehentasuna produktu fresko eta sasoikoei ematen diegu. Guzti hau, betiko eran sukaldatutako dieta orekatu batean oinarriturik. Era honetan, kalitatea bermatuta dagoela ziurta dezakegu. Erantzukizun ekonomikoa ere ardatz nagusia da gure egunerokotasunean. Batetik, jantoki-zerbitzuaren gastua tokiko merkataritzan, eta gure inguruko lehen sektorean egiten dugu; bestetik, langileen kontratazioan eskolako umeen gurasoak eta larrabetzuarrak dute lehentasuna. Zenbakiei begiratuz gero, esan dezakegu, jantokiko kudeaketaren gastu guztiaren %81a Larrabetzun geratzen dela, gure inguruko ekonomia sustatuz eta indartuz.

Kontuan hartu behar dugu eskolako jantokia ere elikadura egokiaren garrantziaz jabetzeko gunea dela. Eskolatik ateratzen direnean institutura joateko igartzen duten aldaketa handiena catering-eko jantoki batean jatea da; han ohartzen dira zelango alde handia dagoen bazkarian, bai elikagaien kalitatean eta baita ere prestatzeko eran.

Bazkaltzeko unean, aspektu bi dira kontuan hartzen ditugunak, biak garrantzizkoak: Batetik platerekoa, esan bezala gertukoa, freskoa, kalitatezkoa eta momentuan sukaldatutakoa behar du izan. Bestetik espazioa bera. Bigarren puntu hau gauzatzeko ere, lan handia egiten ari garelarik. Larrabetzuko Eskolan, menuaren kostua eguneko 4,6 eurokoa da, erkidegoko beste eskola guztietan bezala baina catering enpresen bitartez kudeatzen diren ikastetxeak hezkuntza sailetik diru-laguntza jasotzen duten bitartean, guri ez digute txakur txikirik ematen.

Gaur egun, eskoletako jantoki zerbitzua bermatzeko era nagusia eta ia bakarra catering enpresa handiak badira ere, Eusko Jaurlaritzak ez lituzke beste eredu batzuk baztertu behar, batez ere, eskala handikoa baino eraginkorragoak badira hainbat arlotan: janariaren kalitatean, hezkuntzako uztarduran, garapen ekonomikoan edo gastu publikoaren erabileran.

Esandako guztiagatik, jantoki zerbitzu eredu propio baten alde gaudenon aldarrikapen nagusia beste ildo batetik doala adierazi nahi dugu: batetik ikastetxe bakoitzak era librean zein kudeaketa mota nahi duen erabaki dezala eta bestetik catering enpresek erabiltzen dituzten baliabide ekonomiko berdinak izatea kudeaketa propio bat aukeratzen dugun ikastetxeentzat. Hitz gutxitan: erabakitzeko eskubidea eduki nahi dugu.

 

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.
Gure platera gure aukera