Etiketaren artxiboa: euskalpresoak euskalherrira

Burdin hesiaren atzean gaixo #larrabetzu

kaixo.

atzoko BERRIAn.

Euskal presoek pairatzen dituzten salbuespen neurrien artean, seguru asko gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenei ezarritakoak dira euskal gizarteak arbuiagarri eta ulergaitzen irizten dienak. Espainiako legeriak hainbat aukera ematen ditu gaixo dauden presoen egoera arintzeko —zigorra etxean betetzea, esaterako—, baina euskal presoei sistematikoki ukatu ohi dizkiete. Euskal preso askok jasan dituzte osasun arazoak espetxe urte luzeen ondorioz. Horietatik dozena bat preso daude gaixotasun larri eta sendaezinak pairatu eta kalean beharko luketenen zerrendan.

Duela gutxi arte, Jose Miguel Etxeandia larrabetzuarra ere egon da zerrenda horretan. Joan den abenduaren 28an libre geratu zen, zigorra osorik bete ostean, eta atzo Bilbon izan zen, beste preso ohi batzuekin batera eta gaixorik kartzelan jarraitzen dutenen senideekin, besteak beste. Haietako birekin elkartzeko aukera izan zuen BERRIAren bidez: Gotzone Lopez de Luzuriaga preso ohiarekin —gaixo dago bera ere— eta Jon Kirru Iparragirrerekin, tratamendu medikua behar duen Ibon Iparragirre presoaren anaiarekin.

2003an sartu zuten espetxean Etxeandia, Mexikotik estraditatua izan ostean. Lehenagotik ere, nahasmendu obsesiboa pairatzen zuen: «Gaixotasun hori sendatzeko, terapia bat egin behar da, baina nahiko intentsiboa, astean bi saio edo; bestela, ez dago aurrera egiterik», dio Etxeandiak. Baina kartzelak ez ditu baldintzarik egokienak horretarako: bolada batzuetan, hilean behin baino ez du terapia egiterik izan, kasu batzuetan konfiantzazko psikologoarekin aurrez aurre, eta beste askotan ohiko bisitaldietan, tartean kristala zutela. «Espetxeko psikologo batek aitortu zidan behin kartzelan egonda ezinezkoa zela nire gaixotasuna sendatzea», azaldu du Etxeandiak.

Askotan egin ditu Etxeandiak Euskal Herriratzeko eskaerak. Behin, kartzelako psikologoak proposatuta, espetxeko batzordeak oniritzia eman zion horri, «bigarren graduan eta Euskal Herriko edo Euskal Herritik gertuko espetxe batean» egoteko aholkatuta, baina eskaera Madrilera iritsi eta atzera bota zuten.

Herrera de la Manchan (Espainia) egon zenean, hango medikuak Etxeandiari esan zion «bateraezinak» zirela gaixotasuna eta lehenengo graduan egotea, eta hala jaso zuen idatziz txostenean, bigarren gradura pasatzeko aholkuarekin batera. «Eta Alcalan bolada labur bat eman nuen bigarren graduan, baina zigorraren azken zati luzea Topasen egin dut [Salamanca, Espainia], eta han bi urtez eduki ninduten bakartuta, hau da, erregimenik estuenean».

Gotzone Lopez de Luzuriagak ere badaki zer den kartzelako hormen atzean gaixo egotea. 1989an espetxeratu zuten, eta 2007an bularreko minbizia atzeman zioten. Jaengo kartzelan zegoen: «Momentu gogorra eta zaila izan zen, bakar-bakarrik eta poliziaz inguraturik nengoelako eta aldamenean senitartekorik edo gertuko pertsonarik ez nuelako».

Une latza izan zen, baina aurrerago gehiago iritsiko ziren. Lopez de Luzuriagak dioenez, kartzelak ez daude prestaturik pertsona eri batek behar dituen sendabideak errazteko. Hasteko, sendabide horiek aukeratzeko modurik ez dago: «Zerbitzu medikurik badago, baina ezin duzu beste iritzi bat eskatu edo konfiantzazko medikuarekin hitz egin».

Eta, gero, kartzelaren egunerokotasunak ezartzen dituen milaka oztopo eta debeku: garbitasuna —«ziegan dutxarik ez dagoenez, komunera joaterik ez baduzu, ebakuntza egin zidatenean niri gertatu bezala, zeure burua botila bat urez garbitu beste biderik ez duzu»—, patio orduetan ziegan gelditu ezina, zarata eta abar. «Espetxeak ez du sendatzen; espetxeko baldintzek ez dute ezertarako laguntzen, eta are gutxiago inor sendatzeko», adierazi du.

Minbizia, «hitz potoloa»

Kartzelan zegoela, hamar hilabeteren buruan hil zitzaizkion Lopez de Luzuriagari aita, ama eta neba bat, denak minbiziaren ondorioz. Horregatik, bere familian «hitz potoloa» da minbizia, eta, gaixotasuna atzeman ziotenean, bazekien senitartekoek kezkaz eta beldurrez hartuko zutela albistea. Horregatik, eta haien samina arintze aldera, hasieran nahiago izan zuen senideei ezer ez esan. «Ebakuntza egin zidaten arte, bikotekideak eta neba pare batek baino ez zekiten nire gaixotasunaren berri», esan du. «Hori izan zen neure burua babesteko asmatu nuen bidea, ezer ez esatea».

Lopez de Luzuriagak pairatzen zuen gaixotasunaren larria kontuan harturik, eta Espainiako legeriak horren inguruan aurreikusten duena aintzat hartuz, hura askatzeko eskatu zuen haren abokatuak. Hasierako erantzuna baietz izan zen, baina handik gutxira atzera egin zuen espetxeko zuzendaritzak, eta jarritako helegiteek ez zuten egoera aldarazi.

Ebakuntzaren ostean presoa oso ahul eta ohetik altxatu ezinik zegoela iritsi zitzaion espetxeak libre gelditzeko egindako eskaintza. Baina eskaintza hark bazuen atzean amarrua: damutzeko eskatu zioten askatasuna lortzeko ezinbesteko baldintza gisa. «Xantaia» gisa definitu du Lopez de Luzuriagak hori: «Une gogorra izan zen, ezpataren eta hormaren artean jartzen zaituztelako. Une horretan oso argi ikusten duzu nola erabiltzen duten presoaren gaixotasuna etekin politiko bat lortzeko».

2013an askatu zuten Lopez de Luzuriaga, baina ez gaixotasun larria zuelako, Parot doktrina izenekoaren ondorioz baizik. Urteak igaro dira geroztik, baina oraindik pairatzen ditu gaixotasunaren aztarnak: «Errehabilitazio saioetara joaten naiz, baina hori duela zortzi urte egin behar nuen; badakit orain gauza batzuk ezin direla sendatu».

Eta kalean izanik ere, barruan du gogoa, gaixotasun larriak dituzten presoengan batez ere: «Beharrezkoa da denok etxera ekartzea, baina are beharrezkoagoa gaixotasunak dituztenen kasuan, zigor bikoitza pairatzen ari direlako». Eta, horretarako, nahitaezkotzat jotzen du arazoa «gizarteratzea», ikusaraztea horren tamaina: «Denon artean lortu behar dugu; beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa».

Ibon Iparragirre euskal presoaren anaia da Jon Kirru Iparragirre. Preso ondarroarra 2010ean atxilotu zuten. Soto del Real eta Sevilla (Espainia) kartzeletan egon ostean, 2011ko urrian hasi zen zigorra etxean betetzen, Espainiako legeriak neurri hori aurreikusten baitu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoentzat —hiesa du Iparragirrek—. Gailu telematikoa ezarri zioten orkatilan; egunean lau orduz atera zitekeen etxetik, eta astean behin Basauriko espetxera (Bizkaia) joaten zen sinatzera. «Kartzelan, maldan behera zihoan haren osasuna» esan du anaiak, «baina etxean behintzat bazuen aukera beti egin izan duen tratamendua egiteko, elikadura makrobiotikoarekin eta bitaminekin. Haren gaixotasuna sendaezina bada ere, horri esker egonkortu egin zen».

Baina 2014ko martxoan espetxera bidali zuten berriro, eta horrek ondorio argiak ekarri zizkion: «Geroztik, defentsak jaitsi egin zaizkio; ezin du bere tratamenduarekin jarraitu, eta espetxeak Iboni funtzionatu ez dion tratamendua baino ez dio eskaintzen, tratamendu antierretrobirala, alegia; horrek kalte handia egiten dio, eta digestio aparatua hondatu. Horri gehitu behar zaio bakartuta dagoela, beste preso politikoekin harremanik izateko aukerarik gabe, oso inguru oldarkorrean, eta lau aldiz jipoitu dutela espetxean egon den bitartean».

Elkartasun oldea

Ibon Iparragirreren kasuaren gordinak elkartasun oldea piztu du bere jaioterrian eta beste hainbat herritan. «Elkartasuna beti da eskertzekoa», dio anaiak. «Ondarroan (Bizkaia) jendeak erakusten duen elkartasun eta babesa oso eskertzekoa da, eta ez bakarrik Ondarroan; beste hainbat herritan ere badaude Ibonen aldeko taldeak, eta beti dago jendea gauzak egiteko prest, baita Ibon ezagutzen ez dutenak ere. Pozgarria da ikustea horrenbeste jende euskal presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra».

Hala ere, zerbaiten falta sumatzen du Iparragirrek, «presio hori urte osoan mantentzeko bideena», alegia. «Beharbada beste molde batzuk erabili beharko dira, baina ezinbestekoa da presio hori areagotzea, presoen egoera oso larria baita, eta onartezina baita testuinguru politiko honetan haien kartzela politika are kriminal eta bortitzagoa izatea». Eusko Legebiltzarrak eskaera egin du Iparragirre etxera ekar dezaten, eta urrian, Iparragirre epaiketa bat zela-eta Euskal Herrira ekarri zutenean, behingoz aske uzteko eskatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, «gizatasun arrazoiengatik».

Ez da ohikoa Urkulluk horrelako adierazpenak egitea, eta Jon Kirru Iparragirrek «keinu positibotzat» jotzen du hori, baina nabarmendu du horren eragina «hutsaren hurrengoa» izan dela, adierazpenok egin eta pare bat egunera berriro eraman zutelako Euskal Herritik kanpoko kartzela batera. «Iritzi pertsonala da, baina bere eremuko herritar batek giza eskubideen urraketa hain larria pairatzen duenean, nik uste dut lehendakariak irmotasun handiagoa erakutsi beharko lukeela, eta gehiago egin. Beste batzuen giza eskubideak urratu direnean erantzuna askoz ere irmoagoa izan dela ikusi dugu».

Oihana Barrios psikologoa da, eta Jaiki Hadi elkarteko kidea. Dioenez, nabariak dira kartzelak pertsonarengan uzten dituen aztarna fisiko eta psikikoak, batez ere espetxealdia luzatzen denean: ondorioak gihar eta hezurretan, arazoak ikusmenean, digestio sistemaren problemak… «Ematen dietena eta ekonomatuan lor dezaketena baino ezin dute jan, eta azken urteotan ikusi dugu oso eskasa dela frutaren, barazkien eta bestelako elikagai freskoen kalitatea».

Bereziki kezkagarriak dira eragin psikologikoak: «Espetxe sistemaren helburuetako bat da presoak ahalik eta gehien bakartzea eta errealitatetik at ateratzea. Horren ondorioak handiagoak edo txikiagoak dira zenbait faktoreren arabera, baina hitz egiteko arazoak, errealitatearekiko deskonexioak, psikosiak eta antzekoak sor daitezke». Zigorraren eragina handiagoa da luzatzen bada: «Hamabost urtetik gorako zigorrak oso ondorio kaltegarriak izan ditzake; NBE Nazio Batuek Erakundeak ia heriotza zigorraren parekotzat jotzen du, hogei urtetik gorako zigorrak presoaren nortasuna ahuldu eta desagerraraz dezakeelako».

Baina gaixotasun iturri ez ezik, gaixotasunak sendatu ahal izateko oztopo ere bada kartzela. Barriosek dioenez, «gabezia handiak» ditu osasun arloak espetxeetan; ginekologorik eta mediku aditurik ez dago —soilki medikuntza orokorreko medikua, eta hori ere, askotan, ez da kartzelara egunero joaten—; segurtasun neurriek asko zailtzen dituzte azterketak eta ospitaleratzeak, eta, gainera, konfiantzazko medikuek oztopo handiak gainditu behar izaten dituzte presoak artatu ahal izateko.

Barriosek ohartarazi du larrien dauden presoei arta egokirik ez ezartzeak «ondorio konponezinak» utz ditzakeela eta ezinezkoa izan daitekeela lehengoratzea. «Baina mingarriena da legeak aukerak ematen dituela zigorra beste modu batera bete dezaten eta, hala ere, sistematikoki eskubide hori ukatzen dietela, oso argudio bitxiak emanez, gainera». Haren ustez, «borondate politikoa» da giltza. Eta borondate hori aldatzeko, «kalean egotea» jotzen du ezinbestekotzat.

 

 

Jose Miguel Etxera! #larrabetzu #etxera

Kaixo.

Astelehenean JOSE MIGUEL Larrabetzura bueltatuko da.

Autobusa joango da Salamancara lehenengo ongi etorri ematen

Despues de 21 años fuera del pueblo, los últimos 12 años en prisiones del estado español, siempre a más de 400 kilometros de Larrabetzu (castigo añadido a familiares y amigos), el lunes vuelve a LARRABETZU Jose Miguel.

Nos cuentan que en el pleno del miércoles se votará una moción de apoyo a Jose Miguel y de denuncia de la siuación de los presos políticos enfermos en las carceles españolas.