Etiketaren artxiboa: jangelak

Aukeratzeko bidea ireki

Larrabetzuko eskolako soloa

Ekaitz BarrenetxeaLarrabetzuko Txinpasmendi guraso elkartea.

Larrabetzuko Eskolako jantoki zerbitzua, Guraso Elkarteak kudeatzen du. Zerbitzua bermatzeko orduan lau zutabetan banatzen dugu gure lana: Iraunkortasun ekonomikoa, lehengaien kudeaketa, langileria eta jantoki proiektua eskolako hezkuntza proiektuan txertatzea. Langileak kontratatzen ditugu, kozinatzeko behar diren lehengaiak erosten ditugu eta sukaldeko mantenimenduaz ere arduratzen gara. Era berean, ikasleak, ortuaren eta zabor organikoaren kudeaketaz arduratzen dira.

Hau guztia egiteko jantoki zerbitzuaren erabiltzaileen kuoten bitartez bakarrik baliatzen gara, Eusko Jaurlaritzatik ez dugu inongo diru-laguntzarik jasotzen.

Lehentasuna produktu fresko eta sasoikoei ematen diegu. Guzti hau, betiko eran sukaldatutako dieta orekatu batean oinarriturik. Era honetan, kalitatea bermatuta dagoela ziurta dezakegu. Erantzukizun ekonomikoa ere ardatz nagusia da gure egunerokotasunean. Batetik, jantoki-zerbitzuaren gastua tokiko merkataritzan, eta gure inguruko lehen sektorean egiten dugu; bestetik, langileen kontratazioan eskolako umeen gurasoak eta larrabetzuarrak dute lehentasuna. Zenbakiei begiratuz gero, esan dezakegu, jantokiko kudeaketaren gastu guztiaren %81a Larrabetzun geratzen dela, gure inguruko ekonomia sustatuz eta indartuz.

Kontuan hartu behar dugu eskolako jantokia ere elikadura egokiaren garrantziaz jabetzeko gunea dela. Eskolatik ateratzen direnean institutura joateko igartzen duten aldaketa handiena catering-eko jantoki batean jatea da; han ohartzen dira zelango alde handia dagoen bazkarian, bai elikagaien kalitatean eta baita ere prestatzeko eran.

Bazkaltzeko unean, aspektu bi dira kontuan hartzen ditugunak, biak garrantzizkoak: Batetik platerekoa, esan bezala gertukoa, freskoa, kalitatezkoa eta momentuan sukaldatutakoa behar du izan. Bestetik espazioa bera. Bigarren puntu hau gauzatzeko ere, lan handia egiten ari garelarik. Larrabetzuko Eskolan, menuaren kostua eguneko 4,6 eurokoa da, erkidegoko beste eskola guztietan bezala baina catering enpresen bitartez kudeatzen diren ikastetxeak hezkuntza sailetik diru-laguntza jasotzen duten bitartean, guri ez digute txakur txikirik ematen.

Gaur egun, eskoletako jantoki zerbitzua bermatzeko era nagusia eta ia bakarra catering enpresa handiak badira ere, Eusko Jaurlaritzak ez lituzke beste eredu batzuk baztertu behar, batez ere, eskala handikoa baino eraginkorragoak badira hainbat arlotan: janariaren kalitatean, hezkuntzako uztarduran, garapen ekonomikoan edo gastu publikoaren erabileran.

Esandako guztiagatik, jantoki zerbitzu eredu propio baten alde gaudenon aldarrikapen nagusia beste ildo batetik doala adierazi nahi dugu: batetik ikastetxe bakoitzak era librean zein kudeaketa mota nahi duen erabaki dezala eta bestetik catering enpresek erabiltzen dituzten baliabide ekonomiko berdinak izatea kudeaketa propio bat aukeratzen dugun ikastetxeentzat. Hitz gutxitan: erabakitzeko eskubidea eduki nahi dugu.

 

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.
Gure platera gure aukera