1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika. Atzo. Gaur LOBAK datoz Larrabetzura. Orduko Markak erakustera.
Markak dokumental bat da, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen duela urte batzuk. Gernikako lekukotzak, gerra, memoria, gaur eguneko bizipenak, Astra… gauza asko. Belaunaldi berrien memoria. Proiektuak. Kultura. Iritziak.
Larrabetzun MARKAK eta Lobak ezagutuko ditugu, memoria ariketa moduan.
Euskal Herria 1937-2018 Aurten testuinguru berezi eta historiko baten ospatuko dugu Bizkargi eguna. 1937ko gerra eta osteko gatazka politikoa gogoratu ditugu urtero Bizkargi mendian. Orduko eta sasoian sasoiko gudariak. Hildakoak eta askatasunaren alde bizitza emandakoak. Aurten Gernikako bonbardaketaren eguna eta 1937ko gerraren memoria egiten hasi, eta ETA erakundearen desagertzearekin batera izango da Bizkargi eguna, momentu historiko baten. Aro bateko azken Bizkargi eguna izango da, eta aro berri bat abiatzeko momentua.
Egitaraua:
apirilak 26, eguena 19:00etan Bego Vicario herriko zine zuzendariagaz AREKA memoria historikoa lantzen duen animazio pelikula. Ostean, beste laburmetraia batzuk ikusi eta zinema eta memoriari buruz berba egingo dugu.
apirilak 27, barikua 19:00etan Gernika gogoan, MARKAK pelikula ikusiko dugu. Eta Gernikako LOBAK, belaunaldi gazteen ekimenari buruzko solasaldia. Gauean Kataluniatik etorritako MARALAK neska hirukotea kantuan egongo da Hori Baien.
maiatzak 3, eguena Armagabetzeari buruzko hitzaldia.
maiatzak 5, zapatua Bizkargira igoera, mendi lasterketa
maiatzak 6, domeka BIZKARGI EGUNA Bizkargi mendian urteroko ekitaldiak.
Iluntzean Larrabetzuko plazan, ekitaldia eta erromeria DRINDOTS taldeagaz.
Astero parte hartzen du Maialen Lujanbiok Euskadi irratian. Gogoetak dira bere ekarriak. Garoa, mendia, memoria ekarri ditu gaurkoan. Eta Urkulu mendin topatutako Ramon Portillo ekarri du gogora gaurkoan.
Karraderan Kultur eta Kirol Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Larrabetzuko Udalak Giza eskubideen urraketa eta oroimen historikoa Larrabetzun, 1936-1945 egitasmoa abian jarri du aurten.
Larrabetzuko 1936ko gerrako gertakariak ikertzea eta Burdin Hesiaren arrastoak balioan jartzea du helburu egitasmoak eta lan horretan hainbat urrats eman dira ikasturtean zehar.
Hezurrak eta ekitaldia
Duela gutxi gerra garaiko giza hezurrak aurkitu ziren Urkulun eta horiek lurpetik ateratzera etorriko dira Aranzadiko adituak urtarrilaren 2an. Ekitaldia irekia izango da, eta nahi duen herritarrak bertara joateko aukera du. 9:00etan abiatuko gara, plazatik.
Gune gatazkatsua izan zen Urkulu 1936ko gerran. Maiatzean hartu zuten indar frankistek Bizkargi, eta Bilbo defenditzeko sistemaren erasoa egiteko, Bizkargiko ipar mendebaldean dagoen Urkulu hartzea estrategikoa zen frankistentzat. 1937ko ekainaren 11 goizean ekin zioten matxinatuek erasoari. Eta gailentzea lortu zuten indar frankistek. Edonola ere, gauean, posizioa berreskuratzen saiatu ziren errepublikaren aldekoak. Abellaneda, Celta eta Sacco Wanzetti batailoiak eta Asturiasko II. brigadak parte hartu zuten kontraeraso horretan. Baina porrot egin zuen kontraerasoak eta baja ugari izan zituen euskal armadak borroka horretan. Urkulutik kilometro batera Burdin Hesia zuten indar frankistek parez pare. Eta berau erasotzeari ekin zioten hurrengo egunean, ekainaren 12an, alegia. Urkulun izandako gertakari horien arrastoak dira larunbatean ikusi ahal izango direnak.
Astiro ari gara Giza eskubideen urraketa eta oroimen historikoa Larrabetzun, 1936-1945 egitasmoa garatzen. Gerra garaia bizi zuten larrabetzuarren testigantzak jasotzen ari gara orain, eta Burdin Hesiaren aztarnen sailkapen zientifikoa ere osatzen ari gara. 2016an Burdin Hesiaren aztarnen lagin bat balioan jarri eta lehen ibilbide kulturala egitea da dugun asmoa. Eta hori guztia aurkezteko herri batzarra egingo dugu urteko lehen hilabeteetan zehar.
larrabetzutik.org | gure herria sarean eta munduan