Etiketaren artxiboa: uema

Eskolatik Txorierrira, jarraitu euskaraz!

Urtero 6. maila amaitu eta Larrabetzuko neska mutiko gehienak Txorierriko institutura joaten dira. Eskolan euskaraz bizi dira ikasleak, eta egoera oso ezberdina izaten da Txorierrin.
Hori lantzeko tailerra egin dute eskolan UEMAko teknikariekin.

UEMA.eus albistea: Ikasleentzako tailer berria sortu du UEMAk, kontzientzia hartu eta euskarari eutsi diezaioten

Berbagunea antolatu du Euskaraldiak

Bariku honetan, arrastiko 19:00etan herriko plazan Berbagunea antolatu du Larrabetzuko Euskaraldia batzordeak.
Hamaikakoa, euskaltegietako jendea, herritarrak, euskaldundu gura dutenak… danak gonbidatuta.

Herriko alkateari elkarrizketa #hitza #larrabetzu

Kaixo.
Gaurko hitzabizkaian

IÑIGO GAZTELU: “UEMAN SARTZEAREKIN BATERA, ERRONKA BERRI BAT JARRI DIOGU GEURE BURUARI”

Natalia Salazar Orbe

Beste bost herri batuko zaizkio bihar Uemari. Horietatik bi Bizkaikoak dira: Larrabetzu eta Areatza. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bihar egingo du batzar nagusia, Larrabetzun; besteak beste, udalon eskaerak aztertzeko. Iñigo Gaztelu alkatearentzat (Larrabetzu, 1968), ohorea da agerraldirako euren herria aukeratu izana.

Zergatik egin zenuten Ueman sartzeko eskaera?

Aspalditik datorren kontua da. Aurreko agintaldiko alkate Mariasun Gaztelurekin mahai gainean jarri zen Ueman sartzeko nahia. Eztabaidatu zen, eta herriarentzat aurrerapauso bat izango zela erabaki zen. Iaz, buru-belarri sartu ginen eztabaidan, eta pentsatu genuen Ueman sartzeak lagundu egingo zuela Larrabetzun euskararen erabilera bultzatzen. Ueman egonda, mankomunitatean sartuta dauden beste herriekin batera euskararen alde zerbait gehiago egin daitekeela iritzi genion.

Zeintzuk ekarpen eta onura ekarriko dizkio herriari?

Alde batetik, laguntza teknikoa izango dugu. Hori lagungarria izango da udalaren barne funtzionamenduari begira. Gaur egun, udaletxean denok euskaldunak garen arren, funtzionamendua ez da erabat euskalduna. Hori lortzeko laguntza emango digu. Beste alde batetik, euskararen arnasgune sare batean sartzen garen aldetik, laguntasuna izango dugu kontzientziazioa landu eta euskara kalean bultzatzeko.

Larrabetzun euskararen ezagutza %70etik gorakoa da. Erabilerak ere bide bera darama ala behera egin du?

Azken urteetan, beste leku batzuen antzera, erabilerak behera egin du kalean; nahikoa nabarmen, gainera. Hori ikusita, aurrerapauso bat eman behar dugu, eta saiakera egin hori eteteko eta egoera horri buelta emateko. Ueman egonda, antzeko egoera duten beste udalerri batzuekin batera landu ahalko dugu honi buelta emateko bidea.

Euskara “hizkuntza erabilia eta bizia izatea” jarri duzue helburu. Horretarako, zeintzuk konpromiso hartu beharko dituzue?

Udalaren barne funtzionamenduari dagozkionak daude, batetik. Osoko bilkurak, batzordeak, talde politikoen arteko harremanak eta aktak euskaraz egin eta jasotzen dira. Hala ere, txosten batzuk oraindik ez dira euskaraz egiten. Gure konpromisoa da hori guztia euskaraz egitea. Eta, kanpora begira, kanpaina jakinak egin behar ditugu sentsibilizazioa lantzeko kalean.

Zuen esku dagoen guztia eginda, gaur egun posible al da udal moduan erabat euskaraz funtzionatzea?

Barne funtzionamendua erabat euskaraz egitea, bai, berma daiteke. Beste administrazio batzuekin harremanetan jartzen garenean, ordea, arazoak sortzen dira, solaskide guztiak ez direlako euskaldunak. Gureari dagokionez ere, autokritika egin behar dugu, denok euskaldunak izanik ez dugulako den-dena euskaraz egiten. Hori posible egiteak helburua izan behar du guretzat.

Udalaz gain, elkarte eta norbanakoei ere konpromisoak eta ahalegina eskatu dizkiezue. Zein lan dagokie haiei?

Denok batera egin behar dugu lan. Elkarte guztiei eskatu nahi diegun konpromisoa da lehentasun moduan jar dezatela euskara kalean erabiltzea, eta euskara bultza dezatela. Gure asmoa da herriko elkarte guztiekin dauzkagun harremanetan lehentasunen artean euskara jartzea. Bai kirol eta bai kultur taldeekin elkartzen garenean. Herriko foro guztietan euskararen alde beste pauso bat ematea eskatuko diegu elkarte guztiei.

Eurekin lantzen hasi zarete hori?

Izan ditugu harreman batzuk. Herrian badaukagu Euskara Sustatzeko Erabilera Plana. Urtero izan dugu elkarteekin euskararen alde lan egin eta hau bultzatzeko helburua. Ez da gauza berria. Baina, Ueman sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari. Lehentasun moduan jarri behar dugu gure gai ordenan euskarari bultzada bat ematea.

Elkarteen aldetik zein jarrera sumatu duzue?

Oso jarrera ona dago aspalditik. Euskara bultzatzeko helburuan eskutik goaz denok. Elkarteak bat datoz. Horretan, zoriondu egin behar ditugu.

Biharko batzarra Larrabetzun egitea garrantzitsua da zuentzat?

Ohore bat da. Aurten sartuko gara Ueman, eta biharkoa gurean egitea ohorea da. Herriko elkarteek omenaldi txiki bat egingo diote mankomunitateari, hainbat urtean euskararen alde egin duen lana aitortzeko. 12:00etan hasita izango da, herriko plazan. Gauza txikia izango da: bertso saioa eta topa bat.

Eta, bihartik aurrera, zer?

Ez da, bereziki, ezer aldatuko. Egiten ari garen lanari eutsi behar diogu. Baina orain ardura bat gehiago daukagu: Ueman sartu gara, ez besterik gabe, talde batean gaudela esateko, etiketa bat jartzeko. Ez. Sinetsita gaude Ueman egotea Larrabetzun euskara bultzatzeko lagungarria izango dela. Baina ardura bat ere bada. Helburu batzuk bete behar ditugu, eta orain artekoa baino lan gogorragoa egin beharko dugu. Euskararen alde borrokan jarraitu behar dugu.

Larrabetzuko udala UEMAn #larrabetzu

Kaixo.

Ehbildurenblogan irakurrita:

 

Larrabetzuko EHBILDUk Larrabetzuko udala UEMAn sartzea proposatuko dau.

Zer da UEMA?

Euskal Herri euskaldun baten alde lan egiten duen mankomunitatea da UEMA. Euskal Herri euskaldun baten alde, euskararen arnasguneetatik, arnasguneak zainduz eta hedatuz Euskal Herri euskalduna lortzeko.

Ordezkari politiko, zerbitzu tekniko eta mankomunitateko partaide diren udalek osatzen dute UEMA.

Zertarako sortu zen UEMA?

Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzeko.
Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lurgunea osatzeko.
Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatzeko.

UEMAk 25 urte luzez, bereziki bere lehen eta bigarren helburu nagusiei begira egin izan du lan.

Lehentasunezko lana udalen euskalduntzea izan du; lan handia eta aitzindaria egin du arlo horretan. Eredu izan da udalen euskalduntzean, sinisten duelako euskararen normalizazioan udalak eredu izan behar duela, euskarari prestigioa emanez.
Udal txikien euskara zerbitzua ere izan da, zeina urtez urte hobetzen eta zabaltzen joan den, kontuan hartu behar baita baliabide urriak dituztela.
Hego Euskal Herriko 161 udalerri euskaldunetatik 76 UEMAko partaide dira.

UEMA

Aurrera begira, 3 ildo estrategiko hauetan laburbildu daiteke UEMAren egitekoa:

Udalerri euskaldunen erabateko hizkuntza normalizazioa lortzea.
Udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea.
Udalerri euskaldunek osatzen duten euskararen arnasgunea saretu eta zaintzea.

Guztiau kontuan izanda, Larrabetzuko Udala ere UEMAn sartzeko bidea aztertzen ari da.

Bide horretan, datorren asteazkenean, ekainak 15, arratsaldeko 7:00etan Angulerin Udalak deitutako Herri Batzarra izango da, UEMAn sartzeak larrabetzuarroi zelan eragingo digun informatzeko, Larrabetzun ere euskaraz biziko garelako!

Tags: Uema
Edit this entry.
This entry was posted on Ostirala, ekaina 10th, 2016 at 19:47 and is filed under Albisteak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site. Edit this entry.
Leave a Reply

Logged in as larrabetzu. Log out »