2016. urtea #larrabetzu

Kaixo.

Gaurko HITZAn irakurrita.

Igor Elordui Etxebarria

Egutegian iltzatu dut begirada. Inguratu naute hango zenbaki eta hizkiek, eta lausotu da guztia.

Bat-batean, urtarrilaren 9ko euskal presoen aldeko milaka manifestarietako bat naiz. Jendea desagertu denean poliziek atxilo eraman naute, eta sartu naute ziegan. Dena beltz. Belztasuna joan denean Larrabetzuko Urkulu mendian agertu naiz urtarrilaren 22an, 1937an faxistek tiro eman zidaten lekuan. Ramon Portilla Acedo naiz. Hamazazpi urte, Trapagaran. CNTko Celta batailoiko kidea.

Otsaila da, eta neska gazte bat naiz Agata Deuna ospatzen. Jakin dut bularrak moztu zizkioten neska bat izan zela Agata, eta harekin ezkondu gura zuen Quinciano gobernadoreak aginduta ebaki zizkiotela. Garrasi egiten dut lurrari ematen diodan makilakada bakoitzean: Titietaraino gaude!

Martxoa da, eta txoria naiz. Txantxangorria. Makilakadek esnatu naute, eta irten naiz habiatik. Baina, hegaz egitera baino gehiago, EAEko zenbait leihatilatan itsatsita bizitzera kondenatu naute. Horrela hauspotuko al da nire hegaldia?

Sirena hotsa. Astra lantegitik dator. Apirilaren 26a da Gernikan. Ez, ez naiz ez txori ez gizaki. Memoria naiz. Laurogei urte geroago emakumea, kubatarra eta euskalduna naiz Otxandioko Andikona plazan. Panelean irakurri dut hemen ere bonbardatu zutela frankistek. Maiatza da, eta asteburuko barnetegira etorri naiz ikasleekin. Dendari kolonbiar bati esan behar izan diot, non eta Otxandion, ingeles perfektuan esan ere, bertoko hizkuntza, alegia, euskara, ikastea komeni zaiola.

Emakumea, kubatarra, euskalduna, errefuxiatua, etxegabea, gaztea, kazetaria… denak batera naiz, San Juan gauean sutara botatzen zerak: etxegabetze-aginduak, kazetariak jipoitzea ahalbidetzen duen legea, euskara tamalgarriz idatzitako afixak, emakumeak iraintzen dituzten iragarkiak, errefuxiatuei Europarako sarbidea ukatzen dien legedia eta hauteskunde inkestak.

Gero eta handiagoa egiten ari da sua. Dena hartu du, eta dena erre du. Bagdadeko sua da, Siriakoa… eguzki betaurrekoak jantzi ditut, eta igerilekuko uretan sartu naiz. Zer egin nezake, bada, nik? Ni neu prototipiko bat naiz uztaileko oporretan.

Ez naiz ni, beste behin. Ez naiz ni, eta ez naiz inor. Existitzen ez den hori naiz: Idoia Mendiaren ergatiboa, Iñigo Urkulluren barrea, Alfonso Alonsoren elkartasuna, Pili Zabalaren jarioa, Arnaldo Otegiren izena zerrendetan eta iraileko hauteskunde kanpainako promesak.

Izan naiz Eibarko jokalari birekin sexu-harremanean grabatu zuten neska urrian, lehenengo Korrikan parte hartu zuen euskaltzalea azaroan eta izan naiz Olentzero tripaundi, erretzaile, ardozale eta bakartia abenduan…

Esnatu naiz. Benetan esnatu. Mesanotxean Charles Dickensen Eguberri kanta eleberriaren ale bat dago zabalik, hitzaurrearen orrialdean: “Mamuen liburuxka honetan irakurleak euren buruekin, kidekoekin, Eguberriekin edo eta nirekin haserre ez daitezen, Ideia baten Mamua sortzen saiatu naiz”.

 

Elkarbanatu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude